Iaz Mintzalaguna programan aritutako taldetxo bat

Mintzalaguna programa antolatu du Hondarribiko Udalak, laugarren urtez, Topagunea Euskaltzaleen Federazioarekin elkarlanean. Hirian euskeraren erabileran eragiteko helburua du programak. Konturatzerako euskaraz! leloa hautatu dute aurten. Joan den ikasturtean ia 80 parte hartzaile erakarri zituen.

Euskeraz aritzeko ohiturarik ez dutenak ohitura dutenekin elkartzen ditu Mintzalaguna egitasmoak, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko asmoz. Ondoko proposamena luzatu du Arantxa Berrotaran Euskera arloko ordezkariak: “Astean ordubetez beste pertsona batekin elkartzeko eta euskeraz aritzeko agendan tartetxo bat egin dezatela. Izan ere, esperientziak erakutsi du askok egunerokotasunean euskaraz bizitzeko saltoa eman dutela, bidelagun izan dituzten mintzalagunei esker”.

Mintzalagunean parte hartzeko arrazoiak asko izan daitezke: ahaztutako hizkuntza freskatzea, euskaltegian edo eskolan ikasitakoa erabiltzea, jende berria ezagutzea, seme-alabekin edo ilobekin hitz egin ahal izatea, beste batzuei guzti hori egiten laguntzea, etab. Dena den, parte hartzaile guztiek badute komuna den zerbait: aisialdiaz euskaraz gozatzen dute, eta arian-arian, lagun giro euskalduna sortzen dute. Bospasei laguneko taldeak osatzen dira Mintzalagunean, parte hartzaileen interesen eta ordutegien arabera.

Baldintzak eta izena emateko bideak

Programan parte hartzeko baldintza bakarrak dira euskeraz komunikatzeko gai izatea, eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea. Izen-ematea urriaren 4tik 14ra egongo da zabalik. Parte hartu nahi duenak izen-emate fitxa bete eta entregatu dezake. Lau aukera daude: postaz Euskera zerbitzura, mintzalaguna@hondarribia.eus helbidera idatziz, Euskera zerbitzuan bertan izena emanez edota http://blogak.eus/mintzalaguna_hondarribia helbidera idatziz.