Emanaldia ostegun honetan izango da. / Irungo Udala

Alarma egoera zela medio “Zure abenturaren bila” ikus-entzunezko zikloa bertan behera utzi behar izan zenetik antolatuko den lehenengo emanaldian, programa Amaia KZko hitzaldi aretora itzuliko da -Lopez Becerra kalean egongo da sarrera-. Urriaren 8an izango da emanaldia, ostegunarekin, 19:30ean, eta horrelako ekitaldietarako ezarritako segurtasun neurriak bete beharko dira, hala nola distantzia gordetzearren edukiera mugatzea eta maskara erabili behar izatea.

Oraingoan, Begoña Garcia eta Hugo Alfonso donostiarrek osatutako bikoteak egindako lana aurkeztuko da, mundu osoan barrena bizikletan egindako bidaia baten emaitza, gaztelaniaz. Bikoteak 70.000 kilometro egin zituen, lau kontinentetan barrena, bost urtean, eta bidaia horretako bizipenak kontatzen ditu ikus-entzunezkoak. Sarrera doakoa izango da, eta toki guztiak bete arte sartu ahalko dira ikus-entzuleak.

Gogoan izan beharra dago konfinamenduan bi saio telematiko antolatu zirela “Zure abenturaren bila” programaren barruan, gaztelaniaz bata eta euskaraz bestea, Ander Izaguirre idazlearekin.