Nekazaritza eta Agenda 21eko zinegotzia den Kalixa Silanes Damarri plazan azokako ekoizleekin. / Hondarribiko Udala

Agenda 21en baitako I. Ekintza Planaren berrikuspen-prozesuan parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei Hondarribiko Udalak. Hala, prozesua aurkeztu eta 2030era begira II. Ekintza Plana osatzeko gidalerroak adostuko dituzte asteazkenean, maiatzak 23, 19:00etan, udaleko osoko bilkura aretoan.

2009ko martxoan onartu zuen Hondarribiko Udalak Agenda 21en I. Ekintza Plana. Hamar urte igaro dira ordutik, eta erronka berriei aurre egitearren abiatu zuen tokiko gobernuak, otsailean, hura berrikusteko prozesua. Izadi21 aholkularitza taldearen laguntzarekin egin du herriko iraunkortasun-egoeraren diagnostikoa, eta, orain, herritar, elkarte, erakunde zein eragile sozial eta ekonomikoekin lehentasun handiena duten gaiak finkatzea du helburu.

Garapen iraunkorra da Agenda 21 egitasmoaren ardatza. Nazioarteko auziek herrian duten eragina, eta herrian egindako ekintzek mundu mailan izan dezaketena hartzen ditu kontuan.