Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko lehenengo ekimenak

Bertso saioa eta Muga deitzen da pausoa film dokumentala Irungo udalak 2019ko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimenetan lehenak izango dira

0
885

Asteartean, hilak 26, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Amaia KZn bertso saio paregabeaz gozatzeko aukera izango da. Irungo Udalak 2019ko Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutakoari hasiera emango dion ekimena izango da. Amaiako oholtza gainean nor baino nor arituko dira Angel Mari Peñagarikano, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Ander Lizarralde bertsolariak. Gai jartzaile lanetan Alaitz Rekondo arituko da.

Anjel Mari Peñagarikano bertsozaleen ezaguna da plazaz plaza aritu delako. 1957ko urriaren 17an jaio zen Albizturren eta 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zuen bertsolari ibilbidea. 1991n Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen.

Julio Soto Nafarroako Gorritiko bertsolaria da, 1987ko abuztuaren 28an sortua. 2003, 2004 eta 2005eko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan txapelduna izan zen. Nafarroako Bertsolari Txapelketako. 2006ko edizioan finalean sartu zen, 2008koan hirugarrena eta 2009koan txapeldunordea izan zen. Aurrerantzean, Nafarroako txapelduna bost aldiz izan da, 2010ean, 2011an, 2015ean, 2017an eta 2019an hain zuzen ere. 2009, 2013 eta 2017 urteetako Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen baita ere.

Nerea Elustondo legazpiarra, 1981eko irailaren 15ean sortua, euskal bertsolaritzan ezaguna da eta, beste horrenbeste, esan daiteke Ander Lizarraldetaz, 1984ko ekainaren 2an, Oiartzunen sortua, 1997an irabazi zuen Gipuzkoako Eskolarteko txapelketa.

Alaitz Rekondo lesakarraren aginduetara jardungo dute Angel Mari Peñagarikano, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Ander Lizarralde. Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria da eta Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kidea. Gaur egun, gai-jartzaile bezala dabil plaza eta txapelketetan.

Asteazkenean, hilak 27, Irungo Udalak Muga deitzen da pausoa film dokumentala eskainiko du, Amaia KZn, 19:30etik aurrera. Elbira Zipitria andereñoa, Ira ezizenez ere ezaguna, Ikastola klandestinoen sortzailea, Donostiako parte zaharrean bizi zen eta etxean bertan jarri zuen ikastola, gerraostean. Han irakasten zien euskara interesa zuten euskaltzale guztiei. Han prestatu zituen Elbirak andereñoak, gero ikastola berriak jartzeko. Maider Oleaga (Bilbo, 1976) zine zuzendaria bizi da orain etxe horretan, alokairuan. Berak ez zekien Elbira nor izan zen, baina jakin zuenean, hari buruzko filma egitea erabaki zuen. Oleagaren begirada pertsonala eta poetikoa jasotzen du dokumentalak, eta Zipitriaren garai ilunena nabarmentzen da: erretiroa hartu zuenean, bere baitara bildu zen Zipitria, bere etxean.