Miren Echeveste, Euskara arloko ordezkaria. / Irungo Udala

Euskara Arloak Familia Ola programaren esparruan aurrera eramango den hurrengo jardueraren berri eman du. Azken urteetan 2 urtetik 9 urtera bitarteko haurrak dituzten familien artean euskararen erabilera sustatzeko jarduera ludikoak antolatzeko garatu den ekimena da Familiaola.

Maiatzean, Parketarrak izango dugu, hiriko parke eta plazez euskaraz gozatzeko gonbidapena. Horrela, maiatzaren 14, 21 eta 28an, Urtxintxa Eskolaren eskutik, jarduerak izango dira haurrentzako parkeen inguruko jolastokietan: maiatzaren 14an, Jenaro Etxeandian; maiatzaren 21ean, Gain-Gaineanean; eta, maiatzaren 28an, Nagore Laffagen. Jarduera guztiek ezaugarri komun bat izango dute: esan bezala, euskaraz egingo dira.

Miren Echeveste ordezkariak nabarmendu duenez, “programa honek badarama urte batzuk ikasgeletatik kanpo euskara erabil dadin bultzatzeko lanean, askotariko ekimenen bidez. Hain zuzen ere, ‘Parketarrak’ ekimenaren esparruan, hiri osoan barrena haurrentzat ditugun parke edo jolastokiak baliatzen ditugu, txikienentzako aire zabaleko jarduera ludikoak antolatzeko, euskara dela protagonista”.

Seiko taldeak

Seiko taldeak osatuko dira, adinaren arabera, jardueretan parte hartzen duten haurrak kontuan izanik. Ez da beharrezkoa familiek aurrez izena ematea. Nolanahi ere, aipatzekoa da pandemiaren ondorioz ezarritako segurtasun eta higiene neurriak hartuko direla, hala nola parte hartzen duten taldeak bereiztea, tenperatura kontrolatzea eta distantzia gordetzea. 17:30ean eta 19:00etan izango dira jarduerak.