Oiasso Erromatar Museoa. / Irungo Udala

Irungo Udaleko Kultura Saila, Oiasso Erromatar Museoaren bidez, Bidasoko Nazioarteko Zinema Arkeologikoaren Jaialdiaren (FICAB) 20. edizioa prestatzen ari da, eta azaroaren 16tik 22ra iritsiko da hiriko pantailetara. Lehiaketa Amaian egitea aurreikusi dute, COVID-19aren pandemiaren ondorioz behar diren segurtasun-neurriak betez.

Aurten, hainbat jatorritako 65 film jaso dira (Georgia, Kongoko Errepublika Demokratikoa edo Australia). Hautatutako 26 filmen artean, Frantzia eta Espainiakoak dira nagusi, baina Brasil, Egipto edo Irangoak ere badaude, eta azpimarratu behar da kalitate handikoak direla.

Jaialdiaren egitarauari dagokionez, film hautatuak ohiko hiru emanaldietan banatuko dituzte, eta 30 emanaldi inguru eskainiko dituzte. Goizeko saioan, ikastetxeei zuzendutako Hezkuntza Atala eskainiko da. Aurten ere, Orona Fundazioaren laguntzari eta babesari esker, Donostialdera zabalduko da atal hori, eta ikuspegi pedagogiko onena duen filmari emango zaio saria. Bloke honetan Ikertze elkartearen lankidetza nabarmendu behar da. Elkarte horrek unitate didaktiko bat sortuko du, gazte horientzat pentsatua, eta atal honetan proiektatuko diren zintetako batean oinarrituko da.

Irungo arratsaldeko emankizunak ohikoak izango dira, 17:00etan eta 19:00etan, eta sarrera doan izango da lekua bete arte. Epaimahaia ikus-entzunezko munduko eta arkeologiako profesional ospetsuek osatuko dute, eta epaimahaiaren erabakia lehiaketa itxiko duen sari-banaketaren ekitaldian jakinaraziko da.

Egoitzei dagokienez, esan behar da aurten ere proiekzioak izango direla AquariumItsas Jauregian, dagozkien segurtasun-neurriak hartuta. Urpeko arkeologiari lotuago dauden proiekzioak emango dira. Nobedade gisa, Oiasso museoko ekitaldi-aretoan zinema-emanaldiak egitea aurreikusten da, besteak beste, filmetako bat errealitate birtualeko 3D betaurrekoekin ikustea.

20 edizio

FICABek 2001ean ekin zion bere ibilbideari, gaur egun gehien erabiltzen den lengoaiaren bidez, hots, ikus-entzunezkoen bidez, ikerketa arkeologikoaren aurrerapenak ezagutzera emateko. Arkeologi dokumentalaren panoramako adierazgarrienaren bidez, urtero, hogei film baino gehiago erakusten dira Irunen, iraganera eramaten gaituztenak mundu osoan zehar. Hogei urte geroago jaialdiak 50 herrialde baino gehiagoko ia 450 film proiektatu ditu, eta 15.000 ikuslek gozatu dute Irunen historiaren eta arkeologiaren abenturaz. Estatuko beste museo eta erakunde akademiko batzuekin harremanak izatea ahalbidetu du lehiaketak, eta posizio sendoa mantentzen du mundu osoko genero bereko jaialdien artean . Horregatik guztiagatik, jarduera gehigarri batzuk prestatzen ari dira, aurten FICABen edizio berezi bat antolatzeko.