Guztira 8 izango dira parte hartuko duten haur eta gazteen artean osaturiko taldeak. / Hondarribiko Udala

Igandean, Gabon Gau egunerako, hainbat jarduera egongo dira Hondarribian. Udaleko Hezkuntza departamentuak antolatuta, 10:30etan Arrantzale Auzoan hasiko da Haurren Olentzero Lehiaketa. 8 izango dira parte hartuko duten haur eta gazteen artean osaturiko taldeak. Denetara 90 gazte izango dira herrian zehar.

Epai-mahaia Arrantzale Auzoan egongo da 10:30etik 11:30era eta sari-banaketa 12:00etan Gipuzkoa Plazan egingo da. Arratsaldez, Haurren Gabon Kanta Jaialdiari hasiera 17:15etan emango zaio. Talaia eta Ama Guadalupekoako Lehen Hezkuntzako 245 ikasle ariko dira, Maribi Mariskal eta Luisma Sagarzazuk zuzenduta.

17:45etik aurrera, Gipuzkoa Plazan, helduentzat Gabon Kanta eta Olentzero jaialdia ospatuko dira. Partehartzaileak Zumardiko Abesbatza, Olagarro Elkartea, Klink Korua, Gazte Xaia (Mugiri Kultur Elkartea), Amuitz, Goxoki, Tximistako Gaztiak, Amute Kosta Auzo Elkartea eta Guazen ba izango dira.