San Pedro kalea. / Hondarribiko Udala

Arma Plaza Fundaziotik Hondarribiko ondare aberats eta zabala ezagutu eta gozatzeko jarduera ugari proposatzen dira, bai hondarribiarrek bai gure hirira etortzen diren bisitari guztiek goza dezaten.

Turismo zinegotzia eta Arma Plaza Patronatoko kide den Maria Serranok esan duenez, “eskaintza zabala prestatu dugu, herritarrei eta gure artera etortzen direnei begira”.

“Alde batetik, ondare-bisita gidatuak egingo ditugu berriro, Alde Zaharra, Portua, eta Parrokia ikusteko aukera egongo delarik. Bisita hauek asteazkenetik igandera egin ahal izango dira, goiz eta arratsaldeko ordutegiarekin. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez izango dira. Ordu beteko eta ordu t’erdiko bisitaldiak izango dira”.

“Ostiraletik asteartera Guadalupeko Gotorlekua bisitatzeko aukera egongo da, goizeko 11:00etan. Bi orduko bisita izango da, 10 eurotan, eta aurretik ordua eskatu beharko da”, gehitu du Serranok.

Tren Berdea

Igande, astelehen eta asteartean Tren Berdean igo ahal izango da Hondarribia beste ikuspuntu batetik ikusteko. Goiz eta arratsaldeko ordutegian egingo du eta trenak 11:00tan, 12:00etan, 13:00etan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan aterako dira. Ibilbidearen iraupena 45 minutukoa izango da. Hondarribia ikusteko beste aukera eder bat da trena, eta ibilbideak bista ikaragarrietaz gozatzeko aukera ematen du.

13 urtetik gorakoentzat sarrera 4 euro izango dira, 5etik 12 urte artekoentzat 2 euro eta 4 urtetik beherako haurrak doainik igo ahal izango dira. Sarrerak trenean bertan erosi ahal izango dira.

Erreserbak telefonoz egin ahal izango dira, 943 64 46 23 / 943 64 36 77 telefonora deituz edo mezu elektroniko bat bidaliz info@armaplaza.eus helbidera, eta www.armaplaza.eus orria kontsultatu.