Guztira 9 desfibriladore erosi dira. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko Udalak 9 desfibriladore erosi ditu hirian zehar udal instalakuntzetan jarri eta erabili ahal izateko. Hala eman dute aditzera gaur Udaltzaingoaren azpiegituretan egindako prentsaurrekoan. Hantxe izan dira Txisun Altuna Hiri Segurtasunerako zinegotzia, Patxi Aristizabal Udaltzainburua, Javier Vitoria Previtek enpresako ordezkaria, eta Ibon Zabala, Bexen Cardio enpresako arduraduna.

“Leloak dioen bezala, ‘Erabili behar ez izatea izango da onena’”, esan du Txisun Altuna zinegotziak. “Beti espero da halako gailuak ez erabili behar izatea, baina Udaletik argi dugu gure lehentasuna hiritarren osasuna dela, eta hori dela eta, 9 desfibriladore erosi dira hirian zehar udal intalakuntzetan jartzeko eta beharrezkoa denean erabili ahal izateko. Eskerrak eman nahi dizkiet Udaltzaingoari egiten duten lanagatik, urte osoan eta 24 orduz, baita Previtek eta Bexen Cardio enpresei ere, erakutsi diguten seriotasun eta profesionaltasunagatik”, dio Altunak.

Udaltzaingotik koordinatua

Patxi Aristizabal Udaltzainburuak gehitu duenez, “abenduan Udaltzainei formazio-ikastaro bat eman zitzaigun, desfibriladoreak nola erabili erakusteko. Bat Udaltzaingoaren Errebellin kaleko lokalean izango dugu eta beste bat autoan, edonora eraman ahal izateko. Normalean halako zerbait gertatzen denean, beti gara lehenak iristen, beraz, anbulantzia iritsi arte irabazi dezakegun denbora beti izango da oso garrantzitsua desfibriladorea erabiltzen hasita”.

Javier Vitoriak azaldu duenez, “Udalak instalakuntzetan aforo aldetik ez du zertan legalki desfibriladore bat eduki behar, baita kasu honetan Hondarribikoak edukitzea erabaki du eta hori pozgarria da. Azpimarratu nahiko nuke gainera, desfibriladore hauek osotasunean Euskal Herrian egindakoak direla. Udaletxean, Euskaltegian, Kultur Etxean, Itsas Etxean, Arma Plazan, Udal Liburutegian, eta Jostaldi Pilotalekuan jarriko dira, baita Udaltzaingoan eta bere autoetako batean ere. Hondartza Kiroldegian aurretik bada beste bat”.

Bexen Cardio enpresako Ibon Zabalak amaitu du prentsaurrekoa. “Eskerrak eman dizkiot Udalari eta Previtek-i gugan jarritako konfidantzagatik. Euskal Herria eta Espainia mailan fabrikante bakarrak gara. Ekipoen erabilpena oso erreza da, baina garrantzitsua da azpimarratzea datozen asteetan formakuntza emango dela udal langileei. Anbulantzia iritsi aurretik irabazi daitezken minutuak ezinbestekoak dira desfibriladorea erabilita. Geldialdia edo parada bat gertatu denetik, ikerketa batzuk esaten duten berpizteko aukerak murrizten direla minutuko %5-10. Horregatik garrantzitsua da desfibriladoreak edukitzea eta erabiltzen jakitea”.