Irungo Udaleko Areto Nagusian egindako familia argazkia. / Irungo Udala

Kalean Bai plana Irungo aisialdiko jarduerak eta ekintzak urratsez urrats euskalduntzeko helburuarekin sortu zen duela urte batzuk. Hitzarmengintzaren bitartez, Irungo elkarteek hainbat konpromiso hartu izan dituzte haien entitateetan eta antolatzen dituzten jardueretan euskara bultzatzeko. Denera, 90etik gora elkarterekin izan da harremana 2020ra arte, eta 64k zuten sinatuta hitzarmenen bat, orokorra edo espezifikoa.

Ekimena berraktibatzeko beharra antzeman zuen Udalak, eta Euskara Arlotik abiarazitako hausnarketaren ondorioz, biziberritzeko prozesuari ekin zaio. Helburua da Kalean Bai planari bultzada ematea, aisia euskalduntzeko erreferente bilakatu dadin.

Hain zuzen, gaur Udaletxeko Areto Nagusian egindako ekitaldiak hasi du Kalean Bai plana biziberritzeko prozesua. Bertan izan dira Jose Antonio Santano alkatea, Miren Echeveste euskara delegatua eta Kalean Bai hitzarmenak berritu dituzten lehen entitateetako ordezkariak.

21 entitate lehen fasean

Kalean Bai plana berraktibatzeko prozesua faseka egingo da. Aurretik hitzarmena sinatuta zuten 25 urte bitarteko haur eta gazteentzat eskola orduz kanpoko jarduerak antolatzen dituztenekin hasi da lanketa. Euskara bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berresteko gonbita egin zaie, eta horretarako, hitzarmen berriak sinatu dituzte, egungo errealitatera egokitu dituztenak.

Aurreko hitzarmena sinatuta duten gainontzekoekin jarraituko du prozesuak: banan-banan deituko zaie eta hitzarmena berritzeko prozesua hasiko da. Eta azkenik, Kalean Bai unibertsoa zabaltzeko deia egingo da, azken urteetan sortutako eta haur eta gaztetxoekin lanean diharduten elkarte eta talde guztietara iristeko.

Elkarteen arteko saretzea

Entitate bakoitzak konpromiso propioak hartzeaz gain, asmoa da Kalean Bairen bitartez Irungo elkarteen sarea osatzea, elkar laguntzeko eta elikatzeko balio izango duena, helburu amankomun baten baitan: 25 urtez azpiko haur eta gaztetxoei zuzendutako Irungo aisialdia euskalduntzen jarraitzea.

Bide horretan, Kalean Bai hitzarmena sinatzen duten elkarteek Udala bidelagun izango dute: haien esku jarriko dituzte zerbitzuen eta dirulaguntzen katalogoa. Euskara Arloaren bitartez, besteak beste, zuzenketa- eta itzulpen-zerbitzua, interpretaritza maleta eramangarria edota formazio- eta sentiberatze-saioak jaso ditzakete.