Cristina Laborda eta David Nuño. / Irungo Udala

Astelehen honetan, Gizarte Ongizateko ordezkariak, David Nuñok, eta Giza Baliabideetakoak, Cristina Labordak, Gizarte Ongizateko Arloan egindako hobekuntzen berri eman dute.

“Gizarte Ongizatea funtsezko arloa da, eta, egungo krisi sanitario eta sozialaren esparruan, are gehiago sendotu beharra dago. Ezinbestekoa da gizarte politikei lehentasuna ematea, inor atzean ez uzteko, eta, horretarako, politikak pertsonen beharrei erantzuteari eman behar dio lehentasuna. Alde horretatik ulertu behar da Udala plantilla handitzen zein programak hedatzen aritzea”, azaldu du David Nuñok.

Gizarte Ongizateko Arloak egin dituen hobekuntza esanguratsuen artean aipatzekoa da etxegabetzeei eta etxegabetze arriskuari aurre egiteko programaren sendotzea, lanaldi osoko beste gizarte langile bat jarri baita horretarako -orain arte, lanaldi erdian aritzen zen-. Bestalde, aurreikuspenen arabera, laster, indarkeria matxistari aurre egiteko beste gizarte langile bat kontratatuko da, egoera horretan dauden emakumeei laguntzeaz bakarrik arduratuko dena.

Langile gehiago

Giza Baliabideetako ordezkari Cristina Labordak adierazi duenez, “Udalak Irungo herritarrei laguntzeko gizarte zerbitzuak sendotzeko apustua irmotzeko prozesu betean gaude. Programak hedatzeaz gain, azken urteetan, langileen plantilla handitzen ari gara, eta, laster, langileei egonkortasun handiagoa emateko pauso berriak emango ditugu”.

Batetik, Irungo Udalak Lanbideren dirulaguntzen bidez enplegua sustatzeko bultzatzen dituen programen barruan aldi baterako lau profesional kontratatzeaz ari zen. Izan ere, 2020 bukaeran, Gizarte Ongizateko Arloan lau langile sartu ziren, sei hilabeterako, Lehen Mailako Arretako, Administrazioko eta Esku Hartze Komunitarioko zerbitzuetan, udalerrian baztertuta dauden pertsonei babesa emateko eta osasun krisialdiaren ondoriozko egoerak kudeatzen, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren tarifak berrikusten eta Kulturartekotasun, Immigrazio eta Bizikidetza Plana prestatzen laguntzeko.

Bestetik, aste gutxiren buruan gizarte langileen bost postu eta administrarien hiru betetzeko egingo den enplegu deialdi publikoaz ari zen. Plaza horiek sortu berriak dira, eta, orain arte, herritarren behar sozialei erantzuteko zerbitzuak sendotu dituzte. Enplegu eskaintza publikoari esker, ordea, “egiturazkoak” izateari utziko diote, eta udal plantillaren barruan egonkortuko dira.

Azkenik, urtarrilean, beste gizarte langile bat kontratatu da, lau hilabeterako, gizarte larrialdietarako laguntzak berritzeko eskaerak kudeatzen lagundu dezan, prozesua arintzeko eta onuradunek prestazio hori lehenbailehen jasotzea ziurtatzeko.