Motorrak berotzen hasi da Irungo Udal Euskaltegia

Udal Euskaltegiak 2022-2023 ikasturteko matrikulazioa jarriko du abian irailaren 1etik 19ra

0
463

Miren Echeveste Euskara Udal ordezkariak eta Miren Tolosa Udal Euskaltegiko zuzendariak aurkeztu dute 22-23 ikasturterako ikastaroen eskaintza. Urritik ekainerako ikastaroak urriaren 3an hasi eta ekainaren 23an bukatuko dira. Modulazio desberdineko ikastaroak eskainiko dira (egunero 2, 3 edo 4 orduko ikastaroak; astean 2, 3, 4 edo 5 eguneko ikastaroak ordutegi desberdinean, larunbat goizetan B2 eta C1 prestatzeko ikastaroa, merkatari eta gurasoentzako xede bereziko ikastaroak…). Ordutegi eskaintza zabala dago. Ikastaroen prezioa moduluaren araberakoa da, baina asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek euskara ikasteko udalak ematen dituen bekak eskuratu ahal izango dituzte. Beka honen bitartez, matrikula prezioaren %100a arte jaso dezake ikasleak.

Echeveste ordezkariak azpimarratu duenez, “urtero saiatzen gara udal euskaltegian ahalik eta eskaintzarik zabalena ematen irundarrentzat eta inguruko herrietatik datozen ikasleentzat, eta ekonomikoki ere apustu argia egiten dugu euskararen ikaskuntza sustatzeko, bai ordaintzeko erraztasunak eskainita, bai %100erainoko dirulaguntzak emanez, bai eta langabezian edo ERTE egoeran daudentzat edo lanaldi murriztua (%50etik beherako lanaldian) dutenentzat doako matrikula eskainita ere. Dirua ez dadila izan euskara ikasteko oztopo Irunen”.

LANNAHI

Udalak, gainera, urriaren 3tik abenduaren 23ra ikastaro trinkoak debalde eskaintzen dizkie langabezia egoeran dauden ikasleei, % 50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) dauden ikasleei, edo lanean egonda ere, gehienez %50eko lanaldia dutenei LANNAHI programaren bitartez. Programa hau Euskara Arloak martxan jarri zuen euskara ikasteko ahaleginean ari diren edo aritu daitezkeen irundarrentzako. Ikastaro hauek goizez egunero 4 ordukoak edo arratsaldez egunero 3 ordukoak izaten dira.

Udal Euskaltegiko ikastaroetan interesa duten pertsonek, hala nola LANNAHI programan interesa dutenek, irailaren 1etik 19ra eman dezakete izena.

LANNAHI programan interesa dutenek izenematea internetez egin ahalko dute SAC24h webgunea (www.irun.org/sac) edo HAZeko autozerbitzu terminalak erabiliz. Horretarako, IRUN TXARTELA edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk (NA elektronikoa, IZENPE txartela..) erabili beharko dituzte. Nahiago badute, Irungo Udal Euskaltegira gerturatu eta bertan egin ahalko dute izenematea.

Gainerako ikastaroetan interesa duten pertsonak aipatu egunetan (irailaren 1etik 19ra) Udal Euskaltegira (Urdanibia plaza, 5) hurbildu behar dira bulego ordutegian 10:30- 13:30 goizez eta 16:30-19:00 arratsaldez. Batzuk zein besteek mailaketa proba egin behar dute Udal Euskaltegian irailaren 1etik 19ra, 10:30-13:30 goizez eta 16:30-19:00 arratsaldez.