Udalbatza telematikoki ospatu zen. / Hondarribiko Udala

Lehen aldiz Hondarribiko Udalean Udalbatza telematiko bat ospatu zen atzo, ia bost orduz luzatu zena. Areto Nagusian soilik Udal Idazkaria eta Administraria egon ziren, alkateak eta beste 16 zinegotziek digitalki parte hartu zutelarik Plenoan.

Zortzigarren urtez ez dira tasa eta zerga publikoak igoko. “Bizitzen ari garen egoeran, aurten hain gogor kolpatzen ari den krisiarekin, Udalak halako pausuak eman behar dituela. Horrela, atzokoan erabaki genuen datorren urterako tasak eta zerga publikoak ez igotzea, eta bestetik, 2020 honetan bide publikoaren okupazioa ez kobratzea, besteak beste. Beharrezkoak diren neurriak direla uste dugu eta pizgarriak izan behar direla ere” dio Txomin Sagarzazu alkateak. EH Bilduk abstentzioa eman zuen eta gainontzekoek aldeko botoa.

Denen aldeko bozkarekin onartu zen beste puntu batean PSE-EE udal taldearen eskaera, Arma Plaza Fundazioaren patronoa aldatzeko. Iosu Alvarezek utzi eta Noemi Odriozolak hartuko du bere lekukoa.

Eguneko Aztergaiaren zortzigarren puntuan, alderdi guztien babesarekin onartu zen Udal langileei %2ko soldata igoera onartzeko proposamena. Udaletik kobratzen duten zinegotziei ez zaie igoera hau aplikatuko.

Plenoko 10 eta 11. puntuak erretiratu egin ziren Eguneko Aztergaitik, eta datorren astean egitea aurreikusten den Plenorako utzi ziren. Bi puntu hauetan izandako desadostasunengatik Plenoa ordu erdiz eten egin behar izan zen.

Bost mozio onartu ziren

Plenoaren azken puntuetan, hainbat mozio jorratu ziren. Lehenik ez zen onartu Abotsanitz udal taldeak aurkezturiko mozioa informazio eskubidea urratzeari buruz. Jarraian EAJ-k aurkeztutakoa bozkatu eta onartu zen, Udal Idazkaritzatik lehenbailehen jarraibide-sorta bat idatzi eta udal talde politikoekin eta udal departamentuekin partekatzea. EAJ eta PSE-EE alde agertu ziren, Abotsanitz aurka eta EH Bilduk abstentzioa erabaki zuen.

Ahobatez onartu zen jarraian PSE-EE udal taldeak aurkezturiko mozioa etxebizitza elkarte publikoa eratzearen beharrari buruz. Hortaz gain, denen aldeko bozkarekin onartu zen EH Bilduk eta EAJ batera adostutako mozioa euskara Udaleko lan hizkuntza izan dadin.

Abotsanitz udal taldeak Greziako Lesbos irlan bizitzen ari diren egoeraren aurrean laguntza humanitarioaren inguruko mozioa ere onartu egin zen ahobatez, EAJ-k ‘Zaporeak G.K.E-k Lesbosen abian duen proiektu solidarioa modu egokienean laguntzea’ gehitu ziolarik mozioari.

Azkenik, EH Bilduk aurkeztuta eta EAJ-rekin adostuta, ahobatez onartu zen 2019-2023 Legealdi Plana argitaratzearen inguruko testoa. Mozio berean pertsonalari eta kontratazioari buruzko hitzarmena datozen hilabetetan aurkeztea adostu zen, baita Udaleko langileen zerrenda urtero bezala eguneratu eta gero, lanpostuak betetzeko plangintza onartu eta deialdi publikoa egin dadila ere.