Muguruza, Suberbiola, Santano eta Jimenez. / Irungo Udala

Irungo alkate José Antonio Santanok eta Hezkuntzako ordezkari eta Kontserbatorioko eta Musika Eskolako lehendakari Santi Jiménezek Iñigo Muguruza bekaren emaitzaren berri eman dute Asier Suberbiola egilearen eskutik. Bertan izan da Jabier Muguruza artista ere, Iñigoren anaia.

“Lehen edizio honen bidez, Udalak omenaldia egin nahi dio artista irundar ezagunari, bere ibilbideagatik eta musikan egindako ekarpenagatik”, esan du alkateak. “Iñigo Muguruzaren izena euskal musikaren erreferente bat izango da beti, eta bere jardunean ezagutua ere bai Euskadin nahiz Euskaditik kanpo. Hiriko irakasle gisa ere, onarpena izan zuen, eta arrastoa ere utzi zuen. Beka honek dagoeneko baditu lehen emaitzak, eta aukera emango du ikerketa sustatzeko eta bere ondarea belaunaldi berriei ezagutzera emateko”, adierazi du Irungo alkateak.

Azken lanak, aurkeztutako proiektuaren arabera, musika sormena eta inprobisazioa sustatu eta garatzeko aukera ematen du. Musika-eskoletako eta kontserbatorioetako irakasleei zuzenduta dago, baina edozein musika-tresna jotzen duten musikarientzat ere baliagarria da. Material erakargarri eta berria eskaintzen du, Iñigo Muguruza partaide izan zen Kortatu, Negu Gorriak edo Joxe Ripiau taldeen gai ospetsuetatik abiatuta. Besteak beste, “Akatsa sisteman”, “Batzuk Babilonia”, “En la línea del frente”, “Gora Herria”, “Itxoiten”, “Paradisu zinema” eta antzeko abestiak, guztira berrogei. Horiei esker, sormena eta inprobisazioa lantzearekin batera, musikari irundar honen lana ezagutzera emango da, azken hamarkadetako rock euskaldunaren erreferentea den aldetik.

Bestalde, Santi Jimenezek nabarmendu duenez, “beka hau abian jartzea eta esleitzea aurrerapauso handia da gobernu talde honek eta Irungo Kontserbatorioak irekitako bidean; izan ere, apustu irmoa egiten baitugu azken hamarkadetako euskal musika modernoa eta, oro har, kultura zabaltzeko, aztertzeko eta aintzatesteko”.

“Musika irudikatzeko sistema berri bat sortu dut, bi munduren onena aprobetxatuz: partitura tradizionalak eta jazz standard-en harmonia, egitura eta doinua erakusten duten notazio-sistemak, hala nola Estatu Batuetako “Real book”. Musika erakusteko modu grafiko honek aukera ematen du euskal herri-musikaren azken 40 urteetako 40 abesti mitiko modu sortzailean birsortzeko”, azaldu du Asier Suberbiolak. Musikariak, irakasleak edo musika-taldeak abesti bakoitzaren “osagaiak” ditu eskura: egitura, gitarrak erabiltzen dituen akordeak, ahotsaren doinuak, letrak, erritmoak edo baxulerroak. Material horrekin bere “cover” propioa sor dezake, edozein musika-tresna edo talde erabiliz.

“Euskadiko eta Europako beste leku batzuetako musika-eskoletako eta kontserbatorioetako irakasle askoren beharrak entzun ondoren, iruditzen zait inprobisazioa demokratizatu egin behar dela. Horretarako, liburuko dozena bat kantak azalpenak dituzte, musika-inprobisazioa ulertzeko, hori nola entrenatu jakiteko eta inprobisazioak dituen onura ugariez gozatzen hasteko”, gaineratu du Suberbiolak. Liburuak, gainera, gida bat du formazio klasikoa duten musikari eta irakasleentzako. Materiala baliagarria da lehen eta bigarren hezkuntzako musika-irakasleentzat; izan ere, irakasgai honek nolabaiteko curriculum-malgutasuna du, eta musika-hizkuntza irakasteko erabil dezakete, 80ko, 90eko eta 2000ko urteetako euskarazko rock, ska edo hip-pop abestiei esker. Herri-musikaren omenaldi-tributua ere bada, eta, beraz, asmoa da pixkanaka daukan balioa ematen laguntzea musikaren irakaskuntzan sustatuz.

Nabarmendu behar da lan hori Irungo Udalari esker argitaratu dela eta interes handia piztu duela, eta hala Euskadiko Musika Eskolen Elkarteak (EHME) nola Kataluniako eta Estatuko beste erakunde batzuek eskuratu egin nahi dute material didaktiko berri eta erakargarri hori.

Bekari buruz

Deialdi honen bidez, azken hamarkadetako euskal musika modernoarekin zerikusia duten ikerketa-proiektuen garapena sustatu nahi du Irungo Udal Musika Eskola eta Kontserbatorioak. Parte-hartzea sustatzeko, bekaren xedeak, betiere azken lau hamarkadetara mugatuta eta euskal musikaren esparruan, ardatz hauek landu ditzake: taldeak, interpreteak, musika-gaiak, biografiak, errepertorioa, herri-musikaren irakaskuntza eta dibulgazioa ahalbidetuko duen material didaktiko-pedagogikoa, eragin soziologikoa, eragin ekonomikoa eta abar. Ikerketa-lan hautatuak 8 hilabeteko iraupena du gehienez, lana esleitzen denetik kontatzen hasita, eta amaierako emaitza edo lana nahi den formatutan entregatu ahal izango da: proiektu bat izan daiteke, edo prozesu bat, edo ekintza bat (dibulgazio-materiala, lankidetza- eta/edo partaidetza-prozesuak …). Beka 8.000 eurokoa da.

Beka hau pertsona fisiko banakoek edo horretarako prestatutako taldeek eskatu ahal izango dute. Azken kasu horretan (nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldeak), ikerketa-lanaren zuzendari arduradun bat izendatuko da.