Proiektuak 2018ko maiatzaren 31era arte bidali daitezke. / Lakaxita

Eva Campo bere bizi-poza gure artean zabaldu zuen pertsona izan zen. Bere ingurunearekin zuen konpromisoa askotan erakutsi zuena, eta horren isla, pertsonen bizia hobe egiteko, berrikuntza sozialean eta tokiko garapenean oinarrituta martxan jarri zituen proiektuak. Horixe da hain zuzen beka hauen xedea. Tokiko garapen komunitarioan oinarrituriko egiteko modu hau sustatzea. Honetarako hain zuzen aliatu dira Eva Campo Müller elkartea eta Sarako Udala, egiteko modu hau era praktikoan sustatuko duten proiektuak 5.000 euroko beka baten bidez finantzatzeko.

Proiektuaren ezaugarriak

Aurkezturiko proiektua tokiko garapen komunitarioaren paradigmaren baitan lan egingo dutela iritziko da, dimentsio hauek bere baitan hartzen baditu:

– Eskala: Aurkezten diren proiektuek Sarako ehun sozio-ekologikoa hartu beharko dute kontuan, hau da kasu honetan proiektuaren subjektu eta objektu. Hemen, proiektuak instituzio publikoak, komunitarioak eta ekonomikoak aintzat hartzea hobetsiko da.

– Parte hartze kolektiboa: Goikoari loturik, proiektuaren diseinu partekatu (edo ekarpenak egiteko) eta gauzatze kolektibo baterako proposamena izan beharko du.

– Gaitasun erresilientea: Lurraldearen konplexutasuna aintzat hartzeko gaitasuna ukan behar du prozesuak, eta prozesuan egokitzeko gaitasuna eta neurriak aurre-ikusi beharko ditu.

– Izaera prozesuala: Ahal den heinean proiektuak tokiko dinamiken tendentziak aintzat hartu eta proiektua amaitzen denean jarraipena ukanen duten harreman sare eta komunitateak egonkortzea bilatu behar du.

– Bizitzaren erdigunea: Tokiko garapen komunitarioak ortzi muga bezala, eta berrikuntza sozialak ikuspuntu bezala, pertsona eta naturaren bizitzaren mantentze eta hobetzea ditu helburu orokortzat. Hala, proiektuak argi utzi beharko du zein izanen diren proposatutako proiektuarekin aseko diren beharrak, edo hobetuko diren Sarako biztanleen aspektuak.

Aurkeztu beharrekoak eta erabakitze prozedura

Proiektuak aurkezteko kontuan hartu beharko da:

– Proiektuari aurre egiteko proposamena: helburuak, metodologia eta kronograma bertzeak bertze aurkeztuko dira.

– Hautagaiak euskaraz eta frantsesez lan egiteko gai izan beharko du.

– Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa, nortasun agiriaren kopia eskaneatua eta kurrikuluma bidali beharko du.

Proiektuak 2018ko maiatzaren 31era arte bidali daitezke helbide hauetako batera: evacampomuller.elkartea@gmail.com edo Eva Campo Muller elkartea (Anaka kalea, 20, 20301 Irun)

Erabakiari dagokionez

– Eva Campo Müller elkarteak osatutako epaimahai batek aztertuko ditu eta erabakiko du haien artean zein den irabazlea (Eticoop-eko kide batek, Hiritik At-eko kide batek, Farapiko kide batek, Eva Campo Müller elkarteko kide batek, eta Sarako herriko etxeko bi kidek)

– 2018ko ekainaren 30a aitzin emango da ezagutzera bekaren irabazlearen izena. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utzi dezake epaimahaiak.

Irabazleak izendapena jaso eta 6 hilabeteko epea izango du, gehienez, lana amaitzeko eta amaierako txostena Eva Campo Müller eta Sarako Udalari etxeari helarazteko.