Pilar Lazkanotegi. / Martin Tellechea

Pilar Lazkanotegi Arrasate hondarribiarra urte pilo bat daramatza Hondarribiko Alardearen alde lan egiten. Azken bi urte hauetan bezala, aurten ere Alardearekin Bat jardunaldiaren inguruan buru-belarri zebilen azken aste hauetan. Ez zuen espero zinta mozteko pertsona aukeratua bera izango zenik…

– Nork eman zizun albistea eta noiz jakin zenuen?

Uztailaren 17an esan zidaten. Garik (Castellanos) deitu zidan, zerbait komentatu behar zidala. Hasiera batean antolakuntzaren inguruan zerbait izango zela pentsatu nuen, azken egunotan alde batetik bestera gabiltzalako datorren igandean dena prest izateko. Gainera, ikusi nuenean familiarekin zegoen, beraz ez nuen pentsaten horrelako albistea emango zidanik. Bota zidanean hitzik gabe gelditu nintzen, ez nekien zer esan.

– Prentsa aurrekoan ohore bat zela esan zenuen…

Bai, ohore bat da zinta moztea, dudarik gabe. Gainera, hasiera batean pentsatu behar nuela esan nion, badakizu… familiarekin eta lagunekin komentatu baiezkoa eman aurretik. Eta Garik, presio pixka bat sartzeko, azkar esan zidan ezin nuela ezetzik esan. Hala eta guztiz ere argi utzi nahi dut nik moztuko dudala zinta datorren igandean baina atzetik jende pilo bat dagoela lanean, eta ez azken 15 egun hauetan ez, urte osoan zehar, dena ondo ateratzeko. Alardealdiarekin Bat bezalako festa egun bat antolatzeko sekulako lana egin behar da: guneak, janaria, edaria, musikariak, Arma Plazako erakusketa… eta guzti horretarako jendea behar da.

– Familian zer esan dizute?

Seme-alabei ostiralean esan nien, prentsa aurrekora etorri baino lehen, besteei prentsa aurrekoa eman ondoren, sekula albistea izan zen beraientzat, ez zuten espero.

– Nola imajinatzen duzu datorren igandea?

Zinta mozteko momentuan urduri egongo naiz, hori seguru. Eta gero, jende asko etorriko zait burura, baina batez ere nire senarra Andres, hil zitzaidan biloba eta gurasoak. Niretzako momentu hunkigarriak izango dira, Alardearen inguruko bizipenak holakoak dira beti, baina alaitasunean egingo dugu, hori ziur.

– Mezu bat datorren iganderako?

Jendea Hondarribira etortzeko gonbidapena luzatu, ondo pasatzea eta egunaz disfrutatzea. Eta amaitzeko, nola ez, eskerrak eman, bai Alarde Fundazioaren lagunei, baita Alardearekin Bat ekitaldiaren lantaldeari ere.