Gipuzkoa plazan ospatuko da Txistularien Alardea. / Hondarribiko Udala

Igande honetan, 12:00etatik aurrera, Gipuzkoa plazan Txistularien Alardearen edizio berri bat ospatuko da, 54. urtez hain zuzen. Ekitaldia Txistulari Bandak antolatzen du Hondarribiko Udalaren laguntzarekin.

Hondarribiko Txistu Taldeaz gain, Euskal Herritik etorritako asko egongo dira gure artean. Parrokiako Abesbatza, Kemen Dantza Taldea, Erlaitz Metal Taldea, txalapartariak, Peio Irigoien txistu bakarlaria, Oier Etxaburu teklatuan, Jose Ramon Alberdi perkusioan eta Maria Martin sopranoa egongo dira. Zuzendari moduan, Alberto Lasa ariko da.

Besteak beste, Donostia, Errenteria, Getaria, Hernani, Irun, Iruña, Lazkao, Legazpi, Leitza, Lesaka, Oiartzun, Pasaia, Tafalla eta Usurbilgo txistulariak egongo dira, hondarribiarrez gain.

Historia handikoak

Txistularien Alardeak Gerra Zibila baino lehen sortuak dira, Euskal herriko Txistulari Elkartea egin zenean; Euskal Herri osoan zehar sakabanatuak ziren Txistulariak elkartzeko sortu zen, izan ere ordu arte bakarka aritzen ziren.

Gerra Zibilaren ondoren berriz jarri zen martxan Txistularien Elkartea, eta hirurogeigarren hamarkadan berriz sustatu ziren Txistularien Alardeak, hain zuzen ere Txistularien artean harremanak sendotzeko: partitura nahiz esperientziak trukatzeko, eta orduko kultur errepresioari aurre egiteko ekintzak prestatzeko.

Hondarribian 1964an jarri zen martxan Alberto Lasa Badiolaren bidez, lehenbiziko kontzertuko zuzendaria Isidro Ansorena izan zelarik.