Entsaioak hasi dira. / Ametsa Kultur Elkartea

Bi aste eskas geratzen dira ekainaren 17an, Irungo Amaia Kultur Zentroan, Ametsa Txiki, Ametsa Gazte, Ametsa eta Betiko Ametsa abesbatzek zinemarako musika onenaren inguruan eskainiko duten Ametsa&Zinema kontzerturako. Honetan, The Lion King, Phantom of the Opera, West Side Story, The Sound of Music, The Mission, Les Misérables eta zazpigarren artea deitua den zinemako beste hainbat lanetako abesti edo zati egunak abestuko dituzte.

Kantarien hitzetan, “ikuslearentzat oso atsegina izango den kontzertua izango da, programa bera anitza delako eta guztion burutan zinemaren historiara lotuta dauden lan eta pelikula ezagunetako musikak direlako”. Kantariek, Amaiako eszenatokian, lagun izango dituzte Javier Perez de Azpeitia (pianoa), Igor Torre (bibolina eta baxua), Jorge G. Beragaña (gitarrak), Jorge Pacheco (perkusioak eta bateria) eta Rafael Alonso (oboea) instrumentistak. Banaka zein denak batera, lau abesbatzak entseguak indartu dituzte eta gogoz eta ilusioz prestatzen ari dira hitzordu berezi hau.

Honela, Eneko Amundarainek, Ametsa Gazteko zuzendariak, berarentzat eta abeslarientzat, Ametsa&Zinema bezalako kontzertu bat “oso ohikoa ez den errepertorioa prestatzeko aukera” dela esaten du. “Ez dira kantariei arrotz egiten zaizkien lanak, noski, baina lehenengo aldiz ari gara hauetan sakontzen eta teknikoki, ez da erraza gauzak ondo egitea. Baina pozik eta ilusionatuta gaude gure Ametsa Egunean edo bestelako testuinguruetan maiz abestu izan ditugun kantu hauek kontzertura eramatearekin”, esan du zuzendari gazteak.

Kantariak ere oso animatuta eta gogoz daude, ekainaren 17an iristeko irrikitan, musika onaren maitale zein askotan ere zinezale izatearen aldetik, bihotzean daramazten musika hauek abesteko. Horietako bat da Joseba Andoni Agirre, 79 urteko adina duena, Ametsan 60 urtetako ibilbidea egina duena eta Betiko Ametsako kidea gaur egun.

“Kontzertuaren prestaketa oso ondo” doala esaten du abeslari honek eta “hainbeste egile desberdinen obra asko prestatu beharrak daukan zailtasuna, aldi berean aberasgarria eta dibertigarria” dena, azpimarratzen du. Programaren barruan, bere burua zinezale aitortzen duen beterano honek, “The Sound of Music pelikulako musikak dakarzkidan gogorapenak eta Phantom of the Opera-k daukan interes musikala” aipatzen ditu.

Ametsa Gazteko Leire Belarrak, 16 urterekin, “kantu ezagunak eta batzutan txikitatik nire bizitzaren zatia izan direnak, The Lion King eta beste zenbait filmetakoak abesteak” kontzertu hau “berezi” egiten dutela esaten du. “Asko gustatu zaizkit ere oraindik ikusi ez ditudan The Mission bezalako pelikuletako abestiak”, aitortu du Belarrak.

“Oso ondo” pasatzen ari da Ametsa&Zinema prestatzen 18 urteko Jon Martin, hau ere Ametsa Gazteko kide dena. Kontzertuko programatik, abeslari gazte honek gogoan du nola “The Lion King bezalako filmetako musikak txikitatik” izan dituen ahotan, eta ezagutzen ez zituenen artean, “The Phantom of the Opera-koak asko” gustatu zaizkiola kontatzen du.

Ametsa&Zinema ikuskizunerako sarrerak salgai daude Interneten Kutxabanken bitartez, Irungo Turismo bulegoan eta Amaia kultur zentroko leihatilan, 20 eurotan. Ametsa Kultur Elkarteko bazkideek, 10 eurotan eskuratu ahal dute sarrera bat, turismo bulegora jota.