Xabier Isasi. / Martín Tellechea

Xabier Isasi Balantzategi Euskal Herriko Unibertsitatean psikologia eta estatistikako irakaslea da. 2000 eta 2004 artean Udako Euskal Unibertsitatearen zuzendaria izan zen. Gasteizko Legebiltzarreko kide izan da eta orain EH Bilduren zerrenda-buru Hondarribiko Udalera.

– Bukatu den agintaldia EAJren gehiengo osoaren agintaldia izan da. Honek zailago bihurtzen du oposizioaren lana…

Ikuspegiaren arabera. EH Bilduk herriari begira lan egiten du. Gure konpromisoa udaletxeko hormetatik harago doa, feminismoa, euskara, pentsionisten borroka, presoak, burujabetasuna… Galtzak bete lan dauzkagu, agenda beteta. Nolanahi ere, gure jarduera sortzailea eta eraikitzailea da. Legealdi honetan lortu dugu urratsak egitea emakumeen aurkako biolentziari aurre egiteko protokoloan, bekak eta ikerketa alorrean, Hondarribiko historia eta unitate didaktikoetan… EH Bildu herri mugimenduen erreferentzia da, etxe desjabetzeak direla, parekidetasunaren aldeko eskakizunetan, etxebizitza sozialetan, euskaran… Jende asko hurbiltzen zaigu beren arazoak eta eskakizunak azaltzeko. Hori ere, EH Bilduren lana da.

– Gobernuarekin harremana apurtuta dagoela ematen du. Zergatik?

Harremanik ez dago, EAJren gobernuaren aukera bakarrizketa da. Erabateko gehiengoa duenak, EAJk, inposatzen du gobernatzeko eredua, logikoa denez, berari dagokio zehaztea zer harreman nahi duen oposizioarekin. Oposizioak deus gutxi egin dezake egoera horretan. Salaketak eta epaitegietako auziak gertatu dira, baina EH Bildu ez da prozesu horietan murgildu, politikagintza epaitegietara eramatea antzua da gure ustez. Guk proiektu politikoa badugu Hondarribirako eta Hondarribitik harago. Halere, saiatuko gara harremanak izaten ahalik eta ondoen.

– Zeintzuk dira EH Bilduk hauteskunde hauetara aurkezten dituen proiektu edo ideia nagusiak?

Euskarari dagokionez, Hondarribiko hizkuntza politika errotik aldatzea 1992ko Euskararen Udal Ordenantzak berritu eta Euskadiko Toki Erakundeen legeak udalari aitortzen dizkion eskumenak lortu eta aplikatu. Bada lana! Berdintasun teknikaria, Berdintasun Plana eta herriko jaien eredua eraberritzea ere gure proiektua da. Turismo jasangarria lortzeko egitasmoa abian jarri; etxebizitza duinak eta alokairu soziala; udal enplegu publikoa egonkortu eta berria sustatu…

– EH Bilduren zerrenda-buru zara. Zergatik onartu zenuen erronka hau?

Eskola zaharreko militantea naizelako. Askatasuna eta justizia soziala bizitzan xede dauzkadalako. Kezka daukat, ez dugula lortu emakume bat zerrenda-buru izatea, horrek agerian uzten du politikagintzan, EH Bildun ere, gauza asko aldatu behar dugula parekidetasuna lortzeko. Azkenean, alkategai izatea onartu dut jende askok eskatu eta nigan konfiantza jarri duelako. Niretzat ohorea eta erantzukizuna da.

– 4 urte ondoren ezker abertzalearen esparruan bi alderdi aurkezten zarete berriro ere. Hausnarketaren bat honen inguruan?

Bai, hori da bihotzean daramagun arantza. Begirunez eta arretaz jarraitzen dugu prozesua. Ahalegindu gara, baina ez dugu lortu auzia bideratzea. Badakigu enbor bereko ezpalak garela eta bateginik ezin badaiteke elkarren ondoan ibiliko garela seguru nago. Elkarrekin lan egin behar dugu, hitz egin. EH Bilduren ateak zabal-zabalik dauzkagu Euskal Herriaren askatasuna, parekidetasuna eta justizia soziala nahi duten guztientzat.

– Hondarribiko Udala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Europa. Hainbeste hauteskundeekin zuen mezua galtzea edo behar bezala ez heltzearekin kezkatuta?

Nekatuta gaude, egia da. EH Bilduk ez du inoiz erraza izan bere mezua zabaltzeko. Kalerik kale eta etxerik etxe ari gara gure mezuak jendeari helarazteko. Ahalegin berezia egiten ari gara sare sozialetan. Politikak, edo politikariek, ez dute bat ere sinesgarritasunik. Hainbeste ustelkeri, gezur, handikeri eta gaiztakeri! Normala da horren zaila izatea sinesgarritasuna lortzea. Hondarribiko EH Bildu umoreari heldu dio kanpaina honetan, ez gara ezkutatuko politikarien itxurazko seriotasunaren atzean. Umorerik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arraultza. Hori uste dugu. Umorea eta taldetasunean daukagu indarra: arrankariak begi bi, sei kaskalluk hamabi.

– Zein izango litzateke emaitza ona EH Bildurentzat datorren maiatzaren 26ean?

Guretzat 2015. urteko emaitzak hobetzea emaitza ona da. Nahi genuke Hondarribian aukera izatea beste politikagintza eredu izatea. Horretareako ari gara lanean. Hau da, EAJk ez izatea erabateko gehiengoa oposizioarekin hitzartu behar izateko eta politika gardena eta parte hartzailea izateko. Hondarribian EH Bildu indartu eta Gipuzkoan irabaziz gero, aldaketa interesgarriak ikusiko ditugu. Ilusioak irabaz dezala!