Miren Echeveste, Euskara eta Berdintasun arloko ordezkaria. / Irungo Udala

Miren Echevestek joan den abenduaren 10ean hartu zuen Euskara eta Berdintasun arloetako ordezkari ardura. Gaur jendaurrean aurkeztu nahi izan du zeintzuk izango diren bi arloetan bete nahi dituen helburu eta konpromiso nagusiak, Irungo koalizio gobernuaren osaera berrian sinatutako 2020-23 aldirako Gobernu programaren arabera. Hauxe nabarmendu nahi izan du: “hurrengo urteetarako nire gain hartu ditudan bi erantzukizunek alderdi garrantzitsu bat partekatzen dute: udal-politikan zeharkako gaiak dira, eta modu batean edo bestean udalaren egitura osoaren erabaki eta helburuetan presente egongo dira”.

Berdintasun gaietatik hasita, Echevestek azaldu du gobernu-programa berrian agertzen den konpromisoetako bat dela hiri inklusiboa egitea maila guztietan, guztiontzat, zeharkakoa eta modu femeninoan pentsatuta, IV. Berdintasun Planean islatzen diren ekintza eta konpromiso zehatzekin.

Horrez gain, Emakumeen Etxearen proiektua hor dago, eta puntu horretan gogorarazi nahi izan du Echevestek Emakumeen Etxea diseinatzeko partaidetzako prozesua gelditu egin zela pandemiaren ondorioz, eta, iragarri duenez, “Aukera desberdinak aztertzen ari gara prozesuari lehenbailehen ekiteko, uda baino lehen amaitzeko eta jarduera urtea amaitu baino lehen hasi ahal izateko, eta, gainera, Etxearen behin betiko kokapena zein izango den pentsatzen hasi gara”. Halaber, azpimarratu du Emakumeen Etxea izango dela Berdintasun arloaren lehentasunezko proiektua agintaldi honetan, “Irungo herritar guztientzat balio handikoa izango da, ahalduntze-tresna bat; izan ere, kontu jakina da leku horiek indarkeria matxistaren aurkako borrokan duten garrantzia; lan egiteko tokiak dira, hausnarketarakoak, emakumeei laguntza ematen dietenak, emakumeak ahalduntzen dituztenak, eta emakumeen aurkako indarkeriaren, lan eta gizarte prekarietatearen zailtasunen aurka borrokatzearen ondoriozko bakardadeak eta isolamenduak berez dakartzaten zailtasunen aurka laguntzen dietenak”.

Emakumeen Etxetik eta IV. Berdintasun Plana lortzetik harago, Echevestek arloko beste helburu batzuk azpimarratu nahi izan ditu, lehen urte honetan beren jardueraren proportzio handi bat hartuko dutenak: “Une honetan, prozesu betean gaude eraso matxisten aurrean jarduteko protokolo bat ateratzeko, orban horri aurre egiteaz arduratzen diren erakundeen artean arreta egokia eta ondo koordinatua bermatzeko.” Berdintasunerako IV. Plana amaitu ondoren, eta haren ebaluazioa eta diagnostikoa egin ondoren, “V. Berdintasun Plana egin beharko da. Funtsezkoa da orain arteko planetan bete ezin izan ditugun helburuak aztertzea, zergatik ez diren bete, zeintzuk diren horiek betetzeko oztopoak eta zer egin dezakegun konpontzeko jakiteko. Hau da, errealistak izan behar dugu V. Berdintasun Plana egiteko orduan. Ezin dugu gure hirian emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna oztopatzen duten egiturazko arazoak arrastaka eramaten jarraitu. Helburu zehatz batzuk lortzea behin eta berriz eragozten duten zailtasun eta gabezia tekniko, politiko eta ekonomikoak aztertu eta zuzendu behar dira, inplikatutako eragile guztiekin elkarlanean “.

Egungo planaren barruan, berdintasunaren zeharkako profilari lagunduko dioten erronka garrantzitsuak daude garatzeko. Hasteko, udalaren barruan bertan, Arloen arteko Berdintasunerako Batzordea berreskuratuko da, administrazioan berdintasunean benetako urratsak emanez aurrera egin ahal izatea bermatzen lagunduko duena.

Era berean, laster izango ditugu duela hilabete bat enkargatu zen diskriminazio anizkoitzaren azterlanaren datuak. Azterlan horrekin, hobetzen jarraitzeko lan egiteko datu eta ekintza zehatzak lortuko dira.

Arloaren beste helburu batzuk izango dira berdintasunaren defentsan inplikatutako eragile guztiekin lankidetza zintzo eta etengabea izateko protokoloak egitea.

Amaitzeko, berdintasunaren alde lan egiten duten talde feminista guztiekin lehenbailehen bilerak eta harremanak hasteko asmoa azpimarratu du, salbuespenik gabe. Baita LGTBI kolektiboaren eskubideen defentsan eta eskubide horiek maila guztietan gizarteratzeko eta ikusarazteko lan egiten dutenekin ere. “Benetan, espero dut 2021ean pandemiaren egoerak aurtengo ekainaren 28rako aurreikusita geneukan guztia egiteko aukera emango digula. Azkenik, ekainaren 28a izango genuen gure hirian sexu-dibertsitatea aldarrikatzeko erreferentea, eta birus horren erruz ezin izan genuen gauzatu. ”

Euskara

Euskarari dagokionez, hau adierazi du ordezkariak: “Euskararen defentsan eta sustapenean lan egiten duten talde sozialekin egiten diren bilerak eguneroko ogia izango dira lan agendan. Era berean, oso modu berezian saiatuko naiz euskararen zeharkakotasuna sustatzen Udaleko arlo guztietan; izan ere, Udalean lan egiten duten pertsonen artean euskararen ezagutza oso handia bada ere, gaztelaniaren erabilera euskararena baino askoz ere handiagoa da, eta euskararen ikusgarritasunak garrantzi handia du euskara arloko itzulpen-zerbitzuan egiten den lanean”. Hori dela eta, ziurtatu du bere helburua Euskara Normalizatzeko IV. Planean jasotzen diren plan eta konpromiso zehatzak praktikan jartzea izango dela, besteak beste, Udaleko arlo guztietan euskararen erabilera sustatzea, “ezin da izan Udalean C1 hizkuntzaeskakizuna duten teknikariak dena gaztelaniaz egitea eta automatikoki era guztietako itzulpenak eskatzea, baita posta elektronikoak ere”, ziurtatu du irmoki.

“Joan den ostiralean, arloaren buruan izan naizen bigarren egunean, Euskaraldiaren balorazioa egin genuen. Egia esan, bai ostirala zelako, bai eguraldi txarra zelako, edo beste arrazoiren batengatik, nahiko nukeena baino jende gutxiago bertaratu zen, eta nahiz eta balorazioa zenbakitan positiboa izan den, denok bat gatoz esatean aurtengoa ez dela urterik onena izan horrelako jarduera baterako. Litekeena da bi urte barru eskema bera errepikatzea, eta denbora hori aprobetxatu behar dugu herritarrak, kolektiboak eta enpresa-sareak ahobizi eta belarriprest rolen eta ariguneen funtzionamenduaren inguruan trebatzen eta sentsibilizatzen jarraitzeko”.

Amaitzeko, jakinarazi du Kalean Bai programak, 2002tik ia berrikuspenik gabe martxan zegoenak, kudeatzen zuen enpresarekin zuen kontratua amaitu duela eta bere helburuak eta funtzionamendua berrikusteko unea aprobetxatuko dela: “Programarekin bat egiten duten enpresek eta kolektiboek helburu batzuk bete ditzaten lagundu behar da; bestela, doako itzulpen-zerbitzua ematen ariko gara, euskararen sustapenerako benetako konpromiso eraginkorrik gabe”.