267 neska-mutilek parte hartuko dute uztailean eta abuztuan. / Irungo Udala

Aste honetan abian jarri da 2020ko Solas Jolas programaren lehen txanda, Covid-19a prebenitzeko ezarritako segurtasun neurriek markatutako edizioa izanik. Guztira 267 haurrek (4-10 urte) hartuko dute parte Irungo Udalaren programa honetan, ikasgeletatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko.

Monica Martinez Euskara ordezkariak azaldu duenez, “Zalantzarik gabe, orain arte ez bezalako edizioa da. Familientzako eskaintza horri eusten diogu, ikastaroa amaitutakoan euskara giro lasaian, atseginean eta aisialdian praktikatzen jarraitzeko aukera ematen duen programa batekin. Aldi berean, udan behar handiena izan dezaketen familiei lagundu nahi diegu. Hori bai, aurten antolamendua aldatu egingo da, bizi dugun egoeraren aurrean beharrezkoak diren prebentzio-neurriak sartzeko “.

Osasun-egoera dela-eta, eta haurren eta begiraleen segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko, zenbait aldaketa egin behar izan dira programan. Osasun-arauak bete ahal izateko, eskainitako plazen kopurua murriztu da. Adibidez, taldeak gehienez 6 pertsonakoak dira Haur Hezkuntzan eta gehienez 8koak Lehen Hezkuntzan. Ez dira ohiko txangoak egingo, eta partehartzaileak hirian zehar ibiliko dira.

Uneoro bete behar da Eusko Jaurlaritzak segurtasuna bermatzeko ezarritako protokoloa, besteak beste, haurren tenperatura egunero hartzea eta taldeen sarrerak eta irteerak mailakatzea. Haur bakoitzak maskararekin joan behar du. Familien lankidetza eta konpromisoa ere ezinbestekoa da osasun-neurriak bete ahal izateko; horregatik, etxean, egunero, haurrei tenperatura hartzeko eskatzen zaie, eta sukarrik izanez gero, etxean geratzeko.

Zenbakitan, uztailean 38 talde daude, eta abuztuan, 7. Haur Hezkuntzako talde bakoitzak 6 parte-hartzaile ditu gehienez (orain arte 10 ziren), eta Lehen Hezkuntzakoek, 8 (orain arte 12 ziren). Gainera, aniztasun funtzionala duten 11 haur ere badaude. Guztira, 267 parte-hartzaile (225 uztailean eta 42 abuztuan). Atal honetan aipatu beharreko beste neurri bat da taldeak bereizita mugitzen direla eta ez dutela elkarren artean eragiten beste urte batzuetan bezala.

Hauek dira erabilitako zentroak: Belaskoenea LHI (Marinel kalea), Dunboa LHI (Martxoak 8 kalea), Eguzkitza BHI (Berio kalea), Elatzeta HH (Araba kalea), Lekaenea LHI (Donostia kalea), eta Toki Alai hh (Alzukaitz kalea). Lehenengo txanda uztailaren 6tik 29ra izango da eta bigarrena abuztuaren 5etik 28ra. Ordutegia 9:00etatik 13:00etara da.

Beste programa batzuk

Euskara sailak beste programa batzuk koordinatzen ditu uda honetan, udan hizkuntzaren erabilera bultzatzeko helburuarekin. Udagiro, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako errefortzu ikastaroak eta Udal Euskaltegiko klase bloke osoa dira. Kasu horietan guztietan, jarduerak aurrera eramaten dira osasun-agintariek ezarritako segurtasun-neurriekin.

Udagiro doako programa euskara indartzeko eskolak dira Irunera etorri berri diren haurrentzat. 73 gaztek hartzen dute parte (50 uztailean eta 23 abuztuan). 2018-2019 edo 2019-2020 ikasturteetan etorri dira hirira, eta hiriko ikastetxeren batean eskolatuta daude, Lehen Hezkuntzako edo Bigarren Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan. Eskolak bi txandatan eskainiko dira: uztailaren 3tik 24ra eta abuztuaren 3tik 24ra.

Bestalde, aurten antolatu diren Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako errefortzuikastaroek, familientzat doakoak, pandemiaren ondorioz ikastetxeetan aurrez aurreko ikastaroa eten ondoren, 36 gazte dituzte uztailean (eskolak hilaren 17an hasi eta 30ean amaituko dira) eta 27 gazte abuztuan (3tik 14ra).

Era berean, Euskaltegiak 42 ikasle ditu aurtengo udan maila ezberdinetako ikastaroetan, langabezian dauden pertsonei laguntzeko Lannahi programa barne.