Toledo eta Silanes. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko Udala eta AMUA kultur elkartearen artean kultur eskaintza berezi bat izango dugu bihar eta etzi. MOD kulturari eskainitako ekimena gaur bertan aurkeztu da Itsas Etxea Auditoriumean, eta han izan dira Kalixa Silanes Kultura zinegotzia, eta Ernesto Toledo AMUA Kultur Elkarteko zuzendaria.

“Gure kultur eskaintza zabalaren beste adibide batekin gatoz gaur” esan du Silanes zinegotziak. “Oraingoan AMUA CLUBa dugu, MOD kulturari eskainitako saio berezi batekin. MOD korrontea, musikan ez ezik estetikan ere garrantzi handiko mugimendu baten aurrean gaude”.

“Gobernu Taldetik oso argi daukagu kultur adierazpide desberdinen alde egin behar dugula, are eta gehiago bizitzen ari garen pandemia egoera honetan. Eskertu egin nahi dut gainera Ernesto Toledoren seriotasun eta profesionalitatea Udalarekiko daukan lankidetzan”.

Ernesto Toledok gehitu duenez, “denetatik izango dugu bihar eta etzi Itsas Etxea Auditoriumean irratia, musika zuzenean, Dj’ak, eta aurten lehen aldizm pintura eta zinema elkartu egingo ditugu MOD mugimendua zer izan zen aditzera emateko balioko digun ekitaldi hauekin”.

Ostiralean 19:00etatik Radio3 kateko ‘El sótano’ programa zuzenean emitituko da, eta ‘Lie detectors’ taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango da. Larunbatean, eguerdiko 13:00etatik Alex Cooper izango dugu zuzenean eta arratsaldeko 18:45ean ‘Quadrophenia’ dokumentala proiektatuko da.