Santiagotarrak Kirol Elkarteko ordezkaritza lortutako dominekin. / Santiagotarrak KE

Joan den asteburuan Etorkizun Oparoko Kadeteen Espainiako Kopa jokatu zen Pontevedrako Verducido herriko Pontillon de Castro urtegian. Santiagotarrak Kirol Elkarteko 9 piraguistak parte hartu zuten 1.000 metroko proba honetan. Emaitza txalogarria izan zen, azken sailkapenean 9. egin baitzuten 80 kluben artean.

Irundarrek taldekako ontzietan emaitzarik onenak lortu zituzten: urrezko bi domina eta zilarrezko bat. Lehenengo urrezko domina B mailako nesken K-2ak eskuratu zuen, Irene Gorrotxategi eta Maddalen Arsuagarena. Joan den astean sasoian daudela erakutsi zuten, Espainiako Maratoi Kopan nagusitu zirenean. Oraingoan ere lehiakideei ez zieten aukerarik eman eta ongi merezitako garaipena lortu zuten. Aipatu bi kirolari hauek, Uxue Arsuaga eta Eider Amundarainekin, nagusitasunez garaitu zirela K-4ko proban. Nabarmentzekoa da kirolari hauek guztiak lehenengo urteko kadeteak direla, hortaz, meritua are handiagoa da, aurkarien artean piraguista zaharragoez osatutako ontziak izan zirelako.

Zilarrezko domina ere oso pozgarria izan da taldearentzat, izan ere nolabaiteko ezustea izan zen. Ekaitz Aizpiolearen eta Alex Anatolen K-2ak primerako lasterketa egin zuen A finalean sartzea lortu ondoren.

Gainontzeko emaitzei dagokienez, B mailako Eider Amundarain kadetea K-1n A finalean bikain aritu ondoren 7. postuan sartu zen. B finalean Ekaitz Aizpiolea, Asier Romero, Mikel Larrarte eta Unai Amostegik osatutako ontziak 3. egin zuen eta Mikel Larrarte eta Unai Amostegiren K-2ak, 8. Azkenik, Alex Anatol 2. sailkatu zen C finalean.

Bukatzeko, nabarmentzekoa da B mailako Uxue Arsuaga kadeteak ezin izan zuela K-1 proban parte hartu gaixorik zegoelako. Norgehiagoka horretan maila ona eman zezan espero zen. Halere, bere taldekideak ez kaltetzeko erabaki ausarta eta txalogarria hartu zuen, alegia, K-4 proban parte hartzea. Saria, aipatu bezala, ongi merezitako urrezko domina izan zen.