Xoan Ledo. / Daniel Perez

Viveros Herol BM. Nava (10+11) 21: Patotski, Vujovic (1), Seabra (1), D’Antino (1), Pérez Arce (4, 2 p.), Mota (2), Rosales (1); Lamariano, Bernabéu (2), Ajo (2), Villagrán, Alonso (1), Marugán, Silva (4), Simenas, Herranz (2).

Bidasoa Irun (12+13) 25: Ledo (1), Cavero (3), Racotea (3), Zabala (2), Julen (2), Salinas (3, 1 p.), Azkue (5); Sierra, Gey-Emparan, Furundarena, Serrano (1), De la Salud (4), Tesoriere, Da Silva (1), Nieto, Bonanno.

Partzialak: 2-1, 3-3, 5-5, 7-7, 8-9, 10-12; 10-13, 11-15, 12-17, 14-18, 18-21, 21-25.

Epaileak: Alberto Macías de Paz eta Ernesto Ruiz Vergara. Bi minutuz Seabra, Rosales eta Mota kanporatu dituzte etxekoen aldetik; eta Tesoriere eta Cavero bidasotarrak.

Bestelakorik: Sacyr ASOBAL Ligako 24. jardunaldia, Guerrer@s Naveros pabilioian 430 zaleren aurrean jokatuta, behin Gaztela-Leonek murrizketak leundu ostean.

Bidasoa Irunek beste bi puntu garrantzitsu lortu ditu bi neurketa jokatu dituen astea borobiltzeko, Viveros Herol BM. Nava mendean hartu ostean (21-25). Batez ere defentsan adi hasi du neurketa talde bidasotarrak, aurrean gogotsu kantxaratu den taldea edukita, asteazkenean Valladoliden irabazi ostean eta aspaldiko partez zaleak harmailetan baitzituen. Atzeko lerroak eta atezainak nagusi jokoan, talde segoviarrak bi minutu pasatxo behar ditu lehenengo gola egiteko, eta Bidasoa Irunek, beste bi minutu. Tarte oso txikitan ibili den lehen zatia izan da: hasieran, etxeko taldearen aldekoak; eta hogeigarren minututik aurrera, bidasotarren aldekoak, defentsa lanak, Xoán Ledo atepean, ongi lotuz, euren burua sendo ikusita erasoan. Aldageletara, Jacobo Cuétararen taldea 10-12 joan da aurretik.

Gol gutxiko bide beretsutik hasi da bigarren zatia, eta talde irundarrak, hirugarrenean lortu du lehenengoz hiru goleko errenta Iñaki Caverori esker (33. minutua, 10-13). Laugarrena gehitu dio Rodrigo Salinasek, eta txiletarrak berak eta Sergio de la Saludek sei goleko aldea ireki dute defentsako lan bikaina borobilduz: atsedenalditik bigarren zatiko 13. minutura arte, Bidasoa Irunek gol bakarra eman du.

Bigarren zatiko eta neurketa osoko minutu klabeak izan dira, eta amaiera bitartean, talde bidasotarrak, Kauldi Odriozola eta Adrián Crowley etxean min hartuta, eta Gorka Nieto, Eneko Furundarena eta Tao Gey-Emparan kantxan zituela, garaipena bermatzea lortu du (21-25).

Bidasotarren hurrengo neurketa datorren larunbatean izango da Artalekun Quabit Guadalajararen aurka (18:30ean) ateak itxita, Jaurlaritzaren LABIk kontrakorik esan ezean.