Kasino Zaharreko lorategietan izango da gaueko 22:00etan.

Pasatako martxoaren 12 eta 13an burutu behar zen Cimasub 2020 itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloa abuztuaren 29an etorriko da Hondarribira. Bertara joateko ezinbestekoa izango da gonbidapena Arma Plazan edo kutxabank.es webgunean hartzea. Maskara nahitaezkoa izango da.

“Hondarribiko Udalak daukan eskaintza aberastera datorren beste diziplina bat dakargu. Itsaspeko zinea, gero eta indar handiagoa hartzen ari dena, eta Real Sociedad Fundazioarekin batera hondarribiarrei eta bisitariei eskainiko dioguna doainik abuztuaren 29an. Martxoan hitzartuta genuen eta gure hitza bete nahi izan dugu eta horregatik orain programatuko dugu”, esan du Kalixa Silanes Kultura, Kirol eta Ingurumen zinegotziak.

“Gure itsasoak zer nolako egoeretan dauden ikusteko parada bikaina da. Aspaldidanik datorren arazo bat da eta gaur egun oso handia bilakatu dena. Ziklo honen helburua, arazo hori nolakoa den ikustaraztea da, bideo labur eta ikusgarriekin”.