Demode Quartet taldea. / Hondarribiko Udala

Larunbatean, 20:00etan, ikuskizun berezi bat izango da Itsas Etxea auditoriumean. Euskerazko “Epa!” antzezlana, Demode Quartet taldearen eskutik. Sarrerak 6 eurotan saltzen dira, 4 eurotan 18 urtetik beherakoentzat, https://ticket.kutxabank.es/ gunean, Arma Plazan ostiralerarte eta emankizuna hasi baina bi ordu lehenago Itsas Etxean.

Demode Quartet taldearen historia

Gaur egun, Demode Quartet Joli Pascualena, Mikel de la Fuente, Iker Huitzi eta David Rosco interpretatzaileek eta Patxi Barco gidoilari eta eszena-zuzendariak osatzen dute. Ahots-laukoteak 2010ean estreinatu zuen bere lehen ikuskizuna, “Demode Quartet”, taldeari izena eman ziona. Ikuskizun hartan beren estiloaren oinarriak ezarri zituzten: umorez betetako musika-ikuskizunak, eta, haietan, abesti ezagunen a capella bertsioak. Ikuskizun haren arrakastaren ondorioz, beren lehen diskoa plazaratu zuten, abesti haiek biltzeko.

2013ko azaroan beren bigarren ikuskizuna estreinatu zuten, “Epa!”, beren bigarren lan diskografikoari ere izena eman ziona. Taldea sortu zenetik, agertoki ugaritan eskaini dute beren lana, esate baterako, Donostiako Antzoki Zaharrean eta Kursaalen, Bilboko Arriaga eta Campos Elíseos antzokietan, Madrileko Lara antzokian eta Kongresu Jauregian. Era berean, ikuskizun handietan parte hartu eta abestu dute, hala nola Basque Culinary Centerren inaugurazioan eta Donostia Zinemaldiko galetan. Oraintsu, DSS2016 Europako Kultur Hiriburutzaren gala instituzionalaren arte-produkzioaz arduratu dira, Victoria Eugenia antzokian, eta Espainiako Sormen Sariak banatzeko galan parte hartu dute, Donostiako Kursaalen.