Igor Enparan. / Martín Tellechea

Abotsanitzek 1443 bozka eta 3 eserleku lortu zituen orain dela 4 urte udal hauteskundeetan. Igor Enparan Araneta izango du oraingo honetan zerrenda-buru.

– Bukatzen den agintaldiaren balantze gazi-gozoa egiten duzuela esan zenuten duela aste batzuk. Zergatik?

Lan eskerga handia izan da egindakoa, baina tamalez egitasmo gehienak ez dira indarrean jartzerik izan. 25 mozio aurkeztu ditugu, 120tik gora idatzi eskaera egin ditugu, 40tik gora ekarpen egin ditugu aurrekontuetan hobekuntzak egiteko eta udal gobernu taldearen jardueraren kontrola egin dugu udaletxean.

– Oposizio zorrotza egin duzue: Gabarrari kalean beilatoki bat eraikitzeko lizentzia, Zaldunbordako outlet delakoa, udalaren funtzionamendua…

Oposizio lana egin dugu, bai. Baina egindako lan guztiak zuen helburua hobekuntzarako izan da. Lehen aipatu bezela, gobernu taldearen jardueraren kontrola egin dugu, baita hainbat ekarpen mahai gainean jarri ere. Hala nola, Mugikortasun Mahaia eratzearen proposamena, Genero Indarkeriaren Kontrako Protokoloa, itsasargiaren eraikinaren kudeaketa egiteko proposamena, etab.

– Gobernuarekin harremana apurtuta dagoela ematen du…

Ez da izango ba gure aldetik… Abotsanitz beti izan da prest alderdi guztiekin hitz egiteko. Eta gaur egun horrela jarraitzen du. Ulertzekoa ez dena da, hobetu daitezkeen egoerak aipatzeagatik gobernu taldea haserre egotea. Autokritika falta nabarmena antzeman daiteke udala kudeatzeko garaian. Egoera irregularrak edo ezegokiak aurkitzen direnean aipatu egin behar dira eta etengabeko hobekuntzarako baliabideak jarri.

Horrela ulertzen du Abotsanitzek udal jarduna eta horrela jarraituko du etengabeko hobekuntzarako ezinbestekoa baita ongi dagoena aipatzea bezela, gaizki dagoena adierazi eta zuzentzea.

– Zeintzuk dira Abotsanitzek hauteskunde hauetara aurkezten dituen proiektu edo ideia nagusiak?

Abotsanitzek udal ereduaren aldaketa sakona egin nahiko luke. Horretarako 14 puntuz osatutako programa landu du, baina guzti horren oinarrian herritarren partehartzeak izango du pisu nagusia. Honetarako, batzordeak eragindako herritar zein eragileei irekiak izango dira (auzoen garapenari buruz aritzeko auzo elkarteekin jorratu behar dugu, komertzioaren inguruan aritzeko komertzianteekin jardun behar dugu, kirolari buruz ari garenean kirol elkarteekin, etab. Ideia hau udalaren arlo guztietara zabaldu nahi dugu). Honetarako, noski, udal langilegoaren egonkortze eta zabaltze nabarmen bat ezinbestekoa dugu.

– Ezker abertzalearen esparruan bi alderdi aurkezten zarete berriro ere. Orain dela 4 urte garaile atera zineten. Udaleko bigarren alderdia izan zarete gehiengo osoa zuen EAJko gobernu baten aurka. EH Bildu konpetentzia da edo beraiekin elkarguneak bilatzea beharrezkoa da?

Edonolako leiha politikoren gainetik udal kudeaketaren funtzionaltasuna zapuzten duena gehiengo osoak direla uste dugu. Bizitako eskarmentuak adierazten digu herriarentzat ez dela egokiena talde batek gehiengo osoz udala kudeatzea, beraz gure helburua hori gainditzea da. Bestalde, udal talde guztiekin harremanak ditugu eta harremanak izaten jarraitu nahiko genuke. Dudarik ez dago ezker abertzalearen ideologia partekatzen dugula EH Bilduk eta Abotsanitzek. Beraz, ideologiak batzen gaituen heinean, norberaren izaera eta funtzionamendua errespetatu beharra dugula uste dugu.

– Maiatzaren 26an Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Europarako hautagaiak ere aukeratzen dira. Zuek udal hauteskundeetara aurkezten zarete. Hainbeste hauteskundeekin zuen mezua galtzea edo behar bezala ez heltzearekin kezkatuta?

Abotsanitz udal hauteskundeetarako ilusio osoz aurkezten da. Gure zailtasunak komunikabideetan espazioa edukitzean datza, baina herri mailako lanketan oso eroso sentitzen gara. 4 urte hauetan egin dugun lanketa herritarrekin partekatu dugu eta horren eraginez herritarrengana heldu garenaren sentsazioa badugu.

– Zure apustua datorren maiatzaren 26rako?

Apusturik ez dut nik egingo. Nire nahia adieraziko dut… Herritarren hobe beharrez gehiengo osorik ez duen udalbatza bat osatzearen nahia adierazi nahi dut. Bestalde, Abotsanitzi dagokionez, udala kudeatzeko lanketa herritarrek enkargatzen badigute, prest gaudela jakinarazi nahi dut. Ilusio handiz eta programan jasotako ibilbide orria betetzeko eskarmentua eta prestakuntza nahikoa dugun hondarribitar pertsona taldea aurkezten gara.