Xabier Isasi eta Txomin Sagarzazu. / Arma Plaza Fundazioa

Ikerketa beka deialdi berezia jarri da abian Hondarribian. Astelehenean ofizialki zabalduko den “Itsasoa, Ondarea eta Euskara. Enrike Lekuona Ikerketa beka”, gaur goizez aurkeztu da Udaletxeko Areto Nagusian, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta Arma Plaza Fundazioko presidentea, eta Xabier Isasi, EH Bilduko zinegotzia eta patronatuko kidea.

“Aski ezaguna genuen eta 2017ko uztailean zendu zen Enrike Lekuona Muñoz zenaren omenez abian jarri den ikerketa beka da”, esan du Txomin Sagarzazu alkateak. “Izenak argi erakusten duen moduan, itsasoa, ondarea eta euskara, bere bizitzan oso garrantzitsuak izan ziren hiru alor biltzen dituen beka deialdia da. Arma Plaza Fundazioak koordinatuko du eta informazio guztia www.armaplaza.eus gunean topa daiteke”.

“2019ko urriaren 31ko plenoan ahobatez onartu zen ekimena abiaraztea. Eskerrak eman nahi dizkiot Xabier Isasi EH Bilduko zinegotzi eta patronoari, baita EH Bilduri ere. Ideia beraiena izan zen, eta horregatik aurkezten dugu batera. Beka ikerketa bi urtean behin egingo da, eta itsasoa, ondarea zein euskara oinarri nagusitzat baditu, oraingoan itsasoa izango da proiektuaren ikergaia”.

“Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira. Proiektua aurkezteko epea azaroaren 20an itxiko da. Bekaren iraunaldia, gehienez, 18 hilabetekoa izango da, beka esleitzen den egunetik hasita. Diru zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da, eta noski, ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du”, gehitu du Sagarzazuk.

Itsasoa izango da ikergaia

Xabier Isasik eskerrak eman dizkio “lehenik eta behin Enrike Lekuonaren familiari, baita Arma Plaza Fundazioari eta Alkateari ere. COVID-19agatik luzatu egin den zerbait da baina pozik gaude aurrera atera delako”.

“Enrike arrantzarekin erabat lotuta zegoen, ondarea ezinbestekoa zuen Aranzadi Zientzia Elkartearekin egindako lan handiek erakusten duen moduan, eta zer esanik ez, euskaltzalea. Bere bizitzako hiru ardatz horiek ongi jasotzen dira ikerketa beka deialdian. Azpimarratu nahiko nuke, ikerketa beka kontzeptuan, eta lan onak egingo direla ziur gaude”.

“Ekonomikoki ondo eutsita dagoen beka da, alorreko profesionalei zuzenduta eta epeek ikerketa serioak egiteko aukera ematen dute. Gaurtik hasiko gara ikerketa beka deialdiari ahalik eta hedapen gehien ematen Euskal Herri mailan, ia denok pozik egoteko moduko emaitza izaten dugun”.