Gora egin du ikasleak eskolara ibilbide jakin batzuetatik oinez joatera gonbidatzen dituen ekimenean laguntzen duten establezimenduen kopuruak. / Irungo Udala

Eskola bidea Udalaren eta eskola-komunitatearen arteko elkarlanetik sortu zen, eta eskolara joateko ibilbiderik seguruenen planifikazioan datza. Horrela, ibilbidean barrena topagune jakin batzuetan haur taldeak osatu, eta gero eta talde handiagoa eratzen da eskolara bidean.

Eguzkitza da ekimenean parte hartzen duten ikastetxeetako bat, eta, berriki, beste pauso bat eman du: Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak ibilbideen barruko hainbat lokal komertzialetan (okindegietan, dendetan eta abarretan) izan dira, eskola bidean lagundu dezaten eskatzeko.

Proiektua gauzatzeko, ikastetxeak dokumentu bat prestatu du: Eskola Bidera atxikitzeko “kontratu” sinboliko bat. Ekimenarekin bat egiteko, lokalean ikur bat jarri beharko dute arduradunek, besterik ez. Horrela, haur bat topagunera berandu iristen bada, baso bete ur behar badu edo nolabaiteko laguntza behar badu, badaki establezimendura sar daitekeela laguntza eske. Pegatina batzuk diseinatu dira saltoki parte-hartzaileentzat, baita triptiko bat ere, eskolan banatzeko. Ideiak harrera ona badu, gainerako ikastetxeetara ere zabaldu daiteke.

Ekimenak oso emaitza ona eman du; hainbesteraino, Udal Euskaltegiaz eta Udal Haur Eskolaz gain, dagoeneko zazpi bat establezimendu atxiki baitira eta eskuratu baitute programaren bereizgarria (erantsitako irudiak). Funtsean, ikasleak eskolan sartzen diren orduan (8:30ean-09:00etan) zabalik dauden dendak dira. Nolanahi ere, atxikitako establezimenduen kopuruak gora egiten jarraitu dezake; izan ere, datozen egunetan, ikastetxeko ikasleak eskolan sartzeko orduan itxita baina etxera itzultzeko orduan zabalik dauden eta, hortaz, ekimenean lagundu dezaketen saltokietara joango dira.

Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak eskerrak eman dizkie berriro ere ikastetxeei “beren inplikazioarengatik, horrelako programek mugikortasun jasangarri eta seguruagoa sustatzen jarraitzen laguntzen baitigute. Gainera, balio bikoitza du. Izan ere, ohitura osasungarriak lantzeaz gain, gertuko saltokiekiko lankidetza landuko dugu, eta horrela gazteei helaraziko diegu zer garrantzia duten auzoetako denda txikiek, auzoak bizitzaz betetzen baitituzte”.

Orri-markatzailea eta “Eskolaminutua”

Beste berritasun bat “Eskolaminutua” izan da, Mugikortasun arloak duela urte gutxi batzuk oinezko joan-etorriak sustatzeko aurkeztu zuen metrominutuaren antzekoa. Kasu honetan, ideia bera dago atzean, eta proiektuak aukera emango du jakiteko zenbat denbora behar den puntu batetik bestera ikastetxera iristeko. Eskola bidean parte hartzen duten hiru ikastetxeek dute Eskolaminutua: Eguzkitzak, Dunboak eta Elatzetak.