Monica Martinez eta Arantxa Zulet. / Irungo Udala

Irungo Udaleko Euskara Arloak haurren eta gazteen motibazioan eragiteko eta euskararen aldeko jarrera positiboa sustatzeko, Euskararen Hilabetea antolatu du otsailaren 26tik martxoaren 13ra “Euskara, gure altxorra” lelopean.

Euskararen Hilabetea, Irungo Euskara Sustatzeko Ekintza planaren barne dagoen programa da. Irungo ikastetxe eta institutuetako ikasleek hartzen dute parte, Haur Hezkuntzatik hasita DBHko 4. mailara arte, hau da, 3 urtetik 16 urte bitartekoek. Aurten 7.000 ikasle izango dira parte-hartzaileak.

Otsailaren 26an, 27an eta 28an, Asier Kidam magoak “Aroa eta mirariak” ikuskizun freskoa eta dotorea eskainiko die Haur Hezkuntzako ikasleei, bere azken sormen-lanak erakutsiko dizkie. Umoreak eta soinu-banda zaindu batek inguratuta, haurrek mirari txikiak bizitzeko aukera izango dute: botere handiak dituen aro bat, ardi jostalariak … baita magia egiten duen pelutxe bat ere.

Martxoaren 5ean eta 6ean, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleen txanda izango da. Txalo produkzioen eskutik “Jon Beldurgabea” ipuinean oinarritutako antzezlana ikusiko dute. Jon gazteak ez daki beldurra zer den, beraz, haren aitak aholku zentzuduna eman dio, behin eta berriro zer ote den azaltzen saiatu ondoren: goxo-goxo bizi den etxea utzita, beldurraren bila abiatzea. Ipuin hau Grimm anaien klasiko bat da eta hauxe adierazi nahi digu: beldurra zer den ez badakizu, adorea ere ez duzu ezagutuko.

Martxoaren 11n Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleen txanda izango da. “Mari eta gaileta fabrika” antzezlana ikusiko dute, Eidabek eskainita. “Lukak labean egindako gailetak prestatu nahi dizkio amonari, bere etxean egun batzuk geratuko dela aprobetxatuz. Gozoki hauekin, etxetik kanpo erosoago sentitzen lagunduko diola uste du. Baina gaileten oroitzapenek hain gozoa ez den iraganera eramango dute amama, irenstea kostatuko zaion gogorapenera…”

Mari eta gaileta fabrika antzezlana gaur egungo emakumeei bidea erraztu diguten andra langileei egindako omenaldia da.

Bukatzeko martxoaren 13an Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleek Txalo Produkzioen “Zoaz pake santuan” antzezlana ikusiko dute. “Daraman bikote bizimodu aspergarriarekin amaitzeko, Andreak, zirt edo zart, Gizona pozoitzea erabaki du. Ekintza gordintze aldera, egin nahi duena aitortuko dio eta giltzapeturik dagoen etxe barruan azken orduak pasatzeko prest dago andrea. Baina, jakina … aurreikusitako plana hankaz gora joango zaio …”

Horretaz gain, ikasleen sormena erakusteko, aurten ere Iruneroren bi ale berezi argitaratuko dira, bata HH, LH1, LH2, LH3 eta LH4ko ikasleen lanak jasoko dituena, eta bestea LH5, LH6 eta DBHko ikasleen lanekin. Ikastetxe eta institutuetan banatuko dira, eta Euskara Arloaren webgunean ere izango dira.