Silanes eta Serrano. / Hondarribiko Udala

Gainean ditugu aurtengo Gabonak. Udaletik eta hainbat elkarteekin lankidetzan ekitaldi sorta zabala antolatu da datozen egunei begira. Horien berri emateko agerraldia egin dute gaur María Serrano Sustapen Ekonomikorako zinegotziak eta Kalixa Silanes Kultura eta Kiroletakoak.

“Besteak beste, gure helburua herriko bizitza dinamizatzea da” esan du Maria Serranok “Udaletik eskaintza zabala prestatzen saiatzen gara, beti ere osasun neurriak kontutan izanik. Itxiak diren ekitaldi guztietan COVID pasaportea erakutsi beharko dute 12 urtetik gorakoek. 6 urtetik beherakoentzat Itsas Etxean musukoak banatuko ditugu. Guztion ardura da zentzuz jokatzea bizitzen ari garen egoera honen aurrean”.

Kalixa Silanesek zehaztu ditu ekitaldiak. “San Tomas azokatik hasi, eta urtarrilaren 9ra bitartean ekitaldi ugari antolatu dira. Biharko azokan lerroka jarriko dira 20-22 postu, eta ez da jateko edo edateko aukerarik egongo, ezta animaliarik ere. Arratsaldez 16:00etan haur jolasak egongo dira Arrantzale Auzoan, eta 18:30ean, Meakako Adixkideak taldearen dantza emanaldia egingo da.

“Hilaren 23an, bestalde, Olentzero eta Mari Domingiren txanda izango da. Iaz egin genuen moduan, Kasino Zaharreko lorategietan egingo dugu. Aulkirik ez da egongo, eta txanda desberdinak egongo dira, 15:00etatik 20:15 arte. Sarrerak bihartik eskura daitezke Arma Plaza informazio gunean”, gehitu du Silanesek.

Erregeak eta postaria

Urtarrilaren 4an, Errege Magoen postaria etorriko da Hondarribira, eta lau eremu bisitatu ditu. 17:00etatik 18:00ra Mendelu eta Amuten egongo da, eta 19:00etatik 20:00etara Portuan eta Alde Zaharrean.

Urtarrilaren 5ean, Errege Magoak izango dira gurera etorriko direnak. Osasun egoerak hala aginduta, Jostaldi Pilotalekuan egingo da, segurtasun neurri guztiak jarraituz, 15:00etatik 20:15 arte txanda desberdinetan. Sarrerak hilaren 28tik aurrera eskura daitezke Arma Plazan.

Urtarrilaren 6an, jende asko bilduko duen beste ekitaldi bat ‘Go!azen’ telesaileko kideek eskainiko dutena izango da. Bi saio egongo dira, 12:30 eta 16:00etan. Sarrerak Arma Plazan 10 eurotan hilaren 26 eta 27an. Gehienez sei sarrera eskuratu ahal izango ditu pertsona bakoitzak.

“Abenduaren 31an San Silbeste solidarioa egiteko asmoa erakutsi dute antolatzaileek. Orain beraiekin adosten ari gara zer eta nola egin, jende pilaketak behar moduan antolatzeko asmoarekin”.

“Hortaz gain, antzerkia, ipuin kontaketak, zine emanaldia, musika emanaldiak izango ditugu Hondarribian egunotan. Aukera bikaina ongi pasatzeko, beti ere bizi dugun osasun egoera zein den oso kontutan izanda”, amaitu du Silanesek.