Txomin Sagarzazu eta Gotzone Larrarte. / Hondarribiko Udala

Udal Gobernu Taldeak datorren ostegunean burutuko den otsaileko plenora Hondarribiko Udaleko Lehen Berdintasun Planeko proposamena eramango du. Hala eman dute aditzera prentsaurrekoan Txomin Sagarzazu alkateak eta Gotzone Larrarte, Gizarte Zerbitzu, Berdintasun eta Lankidetzarako zinegotziak.

Txomin Sagarzazu alkateak esan duenez, “gaur bertan aurkeztu diegu Batzordean gainontzeko alderdi politikoei, eta datorren astean plenora eramango dugu proposamena. Aurretiazko lan handia dakarren plan baten proposamena dugu, eta hiritarren aldetik partehartze aipagarria daukana. Udalak egiten duen lehena da berdintasun aldetik, eta onartzen bada, kanpo-aholkularitza profesionala izango du, eta 2020-2023 urteen arteko iraupena. Berdintasuna sustatzeko Udalak 2020ko aurrekontuetan diru partida bat jarrita dauka gainera”.

«2019an Hondarribiko emakume eta gizonen berdintasunaren diagnosian gogor lan egin zen. Lana burutzeko, talde motor bat aritu zen prozesua eta dokumentua kontrastatzen, baita jardunaldi batean aritu zen pertsonal teknikoa ere, departamentu eta zerbitzu desberdinetan genero ikuspegia erabiltzeko hausnarketa egin zelarik».

«Ordezkari politiko desberdinen aportazioa izan du ere, Hondarribian berdintasunaren ikuspegi estrategikoa eman zutelarik, baita hiritarren partehartzearekin ere, gune ireki eta partehartzaile batean aritu zirelarik gaian proposamenak jaso ahal izateko. Oso eskertzekoa eta aipatzeko modukoa da jendearen partehartze eta inplikazioa diagnosia egiterakoan, hortik etorri baita gero Berdintasun Planaren proposamena».

“Diagnosiak hiriaren radiografia orokorra eskaintzen digu bi ikuspegi desberdinetatik. Barnekoa,udal zerbitzu eta programen ebaluazioa egiten duena, eta kanpokoa, berdintasunaren kontestoa ezagutzeko herri mailan alor desberdinetan”, gehitu du Sagarzazu alkateak.

“Diagnosia egiteko lan prozesua lau urratsetan banatu da: prozesua martxan jartzea, informazio bilketa, kontraste eta aportazioak jasotzea, eta diagnosia itxi eta plan proposamena burutzea. Hilabete askotako lana izan da orain bere fruituak emango dituena”.

Berdintasun Plana

“Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Lehen Planaren proposamenaren helburua gizarte osoaren onuran hobetzen bilatzea da”, dio Gotzone Larrartek.

“Emakume eta gizonek egin beharreko lana da, eta beraz, ez da soilik emakumeen arazoa. Hondarribiko errealitatera egokitutako plana da eta bere neurrietara egokitua. Esan bezala, diagnosia kontutan hartu da, berdintasunarekin loturik dauden ekintzen garapena, alderdi politiko desberdinen proposamenekin, elkarte eta hiritarren aportazioekin…

“Planaren proposamenak Udal politikarekin bat datozen ekintza garrantzitsuenak jasotzen ditu, bere behar, eskumen eta problematikekin. Hala, 100 ekintza planteatu dira lau bloke handitan zatituak, hala nola, Gobernantza Ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomien eta gizarte antolamenduen eraldaketa, eta emakumeen aurkako biolentziarik gabeko bizitzaren kontzeptu argia”.