Mikel Jauregi (e), Juantxo Lapitz, Txomin Sagarzazu eta Ion Oronoz. / Arma Plaza Fundazioa

“Hondarribiko Hatxeruak” erakusketa bihar 19:00etan irekiko da Arma Plazan. Aurkezpena gaur burutu da eraikinean bertan, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta Arma Plaza Fundazioko presidentea, eta Mikel Jauregi, Juantxo Lapitz eta Ion Oronoz, Hondarribiko Alardeko Hatxeroen Eskuadrako ordezkariak eta ekimenaren antolatzaileak.

Txomin Sagarzazuk esan duenez, “sorreratik Arma Plaza Fundazioak gure ondareak berreskuratu eta abian jartzea du helburuetako bat, eta herritarrek herritarrentzat egindako proiektuak babestu eta laguntzea. Hau, bete-betean sartzen da eta eskerrak eman nahi dizkiet bereziki Mikel Jauregiri, egindako lan handiagatik, eta ekimenean lagundu duten guztiei. Irekiera ekitaldia bihar izango da, 19:00etan. Pena mereziko du”.

“Abuztuaren 20tik irailak 15 arte erakusketa zabalik egongo da Arma Plazako bigarren solairuan. Hortaz gain, 27 elkarrizketa desberdinez osatutako ikusentzunezkoa dago, eta Hondarribiko Jaien ostean argia ikusiko duen liburua ere”, esan du Txomin Sagarzazuk.

Abuztuaren 20tik irailak 15 arte egongo da zabalik erakusketa. / Arma Plaza Fundazioa

Lau urtetako lana

“Duela lau urte hasi ginen mugitzen” esan du Mikel Jauregik. “Artilleriak egindako hitzaldi sorta baten ondoren, ikusi genuen Hatxeroek ere antzeko zerbait egin behar genuela. Hitzaldia egin genuen eta ondoren, bildutako informazio guztiarekin, liburu batean argitaratuko dugu urteetako historia. 1819ko abuztuaren 4an Jose de Larrañagak Granadero eta Ehiztarien Konpainia bat sortzeko idatzitik tirata egin dugu bilduma”.

“Erakusketan hiru ardatz nagusi egongo dira. Irailak 8 ildo nagusia izanda, alde batetik, eguna laburtzen duten ia 40 argazki egongo dira, baina bitrina batzuetan joango diren hatxeroen janzkera eta tresneria, eta azkenik, ikusentzunezko eder bat, uneoro egongo dena”, gehitu du Ion Oronozek.

Juantxo Lapitzek eskerrak eman dizkie “parte hartu duten guztiei. Bai antolamenduan baita materialea utzi diguten guztiei, baita Miren Ayerbe Arma Plazako koordinatzaileari. Haseratik asko inplikatu da eta bere laguntza ezinbestekoa izan da”.