Abotsanitz udal taldeak Hondarribia Blues Jaialdia bizirauteko proposamena aurkeztu du. Proposamena gainontzeko udal taldeekin eta jaialdiaren antolatzaile Blue Vision enpresarekin konpartitu du Abotsanitzek.
Jakina denez, udal gobernuak 2018an jaialdiaren eredua aldatzea erabaki zuen, publikoa izatetik pribatua izatera igaroz. Baina 2018ko ekitaldia eta gero udal diruzaintzak espediente administratiboa ireki zuen. Horren aurrean, 2019ko ekitaldia bertan behera uztea erabaki zuen udal gobernuak. Abotsanitz ez dago ados hartutako erabakiarekin: “Abotsanitzek uste du akats bat izan dela 2019ko ekitaldia bertan behera uztea. Sortu den arazoari irtenbidea bilatzea baino, arazo horren aurrean ezkutatu egin da gobernu taldea, Hondarribia kultura arloan mundu mailako erreferente eta gizarte arloan interes handikoa den ekitaldirik gabe utziz”.
Hori horrela, jaialdia bizirauteko eta sortutako arazoei soluzioa emateko proposamena prestatu du Abotsanitzek. Proposamena lau baldintzetan oinarritzen da. Batetik, enpresa antolatzaileak ados egon beharko luke, hau da, espediente administratiboan aipatzen den diru kantitatea itzultzea onartuko luke. Bestetik, berandu gabe, ahal bada udazkenean zehar, 2020ko edizioko programa aurkeztu beharko litzateke. Hirugarrenik, udal gobernuak legealdiko lau urteetan aurrekontuan jaialdiaren partida mantentzea onartuko luke. Eta azkenik, jaialdiaren kontuek legea zorroztasunez bete beharko lukete.
Hondarribiko oposizioko lehen taldearen arabera, garrantzitsua da Udalak eta Blue Visionek elkarlanean aritzea hurrengo lau urteetan. Udalak, balorazioak egingo lituzte ekitaldi bakoitzaren ondoren, enpresarekin konpartituko lituzkeenak. Agintaldia bukatuta, jaialdiaren eredua baliagarria ote den edo beste nnorabide bat hartu beharko litzatekeen aztertuko lukete udal taldeek eta enpresak.
Hondarribiko oposizioko alderdi nagusiak gainontzeko udal taldeekin konpartitu du proposamena. Hain zuzen ere, Txomin Sagarzazu alkateari eskura pasa zion irailaren 20an. Hiru egun geroago udal talde guztien bozeramaileei helarazi zitzaien posta elektronikoz, eta irailaren 26an Udal Bozeramaile Batzordean aurkeztu zen. Orain arte es da erantzunik jaso. Blue Visionekin ere elkartu da Abotsanitz ekimenaren berri emateko.
Abotsanitzen ustez, “garaiz gabiltza 2020an Hondarribia Blues jaialdia edukitzeko, aurreko urteetan sortu diren arazo ekonomiko-administratiboei irtenbidea ematearekin batera”.