Millan eta Santano. / Gipuzkoako Foru Aldundia

Jose Antonio Santano alkatea eta Harkaitz Millan Kultura diputatua Irungo Gordailua zentroan izan dira gaur goizean, Menchu Gal margolariaren 40 margolanen gordailuaren berri emateko. Margolan horiek udal jabetzakoak dira, margolariarekin 2007an egindako akordio baten ondoren eskuratu baitzituen.

Koadroak udal-egoitzan zeuden orain arte eta, hemendik aurrera, Gordailua Ondare Bildumen Zentrora igaroko dira aldi baterako, hasiera batean 5 urterako, Foru Aldundiak zaindu eta gorde ditzan. Azken asteetan, mihiseei tratamendu bat eman zaie, kontserbazio optimoa bermatzeko.

Gordailuak, ondarea kontserbatzeko erreferentziazko zentroa den aldetik, piezak egoera ezin hobean kontserbatzea bermatuko du, eta, gainera, beste museo eta erakunde batzuentzako baliabide-zentroa eta zerbitzu-plataforma denez, bildumari ahalik eta zabalkunderik handiena ematea sustatuko du.

Gainera, Gordailua Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako material arkeologiko eta paleontologikoak gordetzeko izendatutako zentroa da. Era berean, Gordailua Gipuzkoako museoetarako baliabide-zentroa da.

Menchu Gal (Irun, 1918ko urtarrilaren 7a – Irun, 2008ko martxoaren 12a) XX. mendeko espainiar margolari handienetakoa izan zen. Paisaia eta erretratua dira ospe handiena eman zioten generoak, eta horietan garatu zuen muturreko koloreekiko erakarpen berezia.

Menchu Galen hasiera plastikoak Irunen (Gipuzkoa) gertatu ziren, bere jaioterrian, non Montes Iturrioz margolariaren ikaslea izan zen. Gero, Parisera joan zen ikasketak zabaltzeko, eta, ondoren, Madrilen jarri zen bizitzen, San Fernandoko Arte Ederretako Akademiako klaseetara joateko. Han, Arteta eta Vázquez Díaz maisuengandik ikasi zuen, baina 1936ko Gerra Zibilak berriro Frantzian babestera behartu zuen.

Berrogeiko hamarkadaren hasieran, Espainiako hiriburura itzuli zen, eta Madrilgo Eskola delakoan parte hartu zuen. Pintura Sari Nazionala irabazi zuen lehen emakumea izan zen, 1959an, “Un paisaje de Arrayoz” lanarekin, eta sari hori mugarri izan zen bere ibilbide artistiko bikainean.

2005ean, Gipuzkoako Urrezko domina jaso zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eskutik, eta, 2006an, Irun Hiriko urrezko domina Jose Antonio Santano alkatearen eskutik. Lotura handia izan zuen beti Irunekin (han eman zituen azken urteak), baita bertako jende eta ohiturekiko atxikimendua ere.

2006. urtean, Menchu Galek eta Irungo Udalak adostu zuten margolariaren 40 obra hiriari lagatzea, obraren zati bat erakusteko konpromisoarekin, hartara Irungo etorkizuneko belaunaldiek haren lana eta espiritu irekia eta independentea ezagutu zitzaten.

Horrela sortu zen bidasoar pinturari eskainitako espazio bat sortzeko ideia, bere margolari internazional eta nabarmenetako baten figura eta eskuzabaltasuna aitortuko dituena. Sancho de Urdanibia Jauregia aukeratu dute, Irungo Alde Zaharreko izen bereko plazan. Menchu Gal aretoa 2010eko urtarrilaren 22an inauguratu zen.

Menchu Galen bildumako margolan batzuk ikusteko aukera izan genuen azken aldia iaz izan zen, hain zuzen ere, bere jaiotzaren mendeurrena ospatu zenean.

Menchu Gal. Margotzeko bizi, bizitzen margotu. 1919-2019 erakusketa 2019ko urriaren 11tik 2020ko urtarrilaren 19ra ospatu zen, eta Menchu Gal Fundazioarekin elkarlanean antolatu zen. Irungo erakusketak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean udan egindakoa osatu zuen. Bi erakusketek katalogo bateratua izan zuten.