Irungo Udala. / Martin Tellechea

Irungo Udalak jakinarazi duenez, Etxealditik Euskaraldira ekimenean parte hartuko du. Euskaltzaleen Topaguneak jarri du martxan proiektua, lurralde osoan, bizi dugun alarma egoera dela-eta, eta Euskaraldirako entrenatzeko jardueren kanpaina batean datza, familiek konfinamendu egun hauetan etxean egiteko jardueretan. Aurten, berriro egingo da Euskaraldia, azaroan eta abenduan, euskararen aldeko hizkuntza ohiturak sustatzeko.

Horrela, astelehen honetatik (apirilaren 20tik) maiatzaren 3ra bitartean, Euskara Arloaren bidez, Irungo Udala mezuak botatzen eta etxean egiteko jarduerak proposatzen joango da. #etxealditikeuskaraldiRa eta #etxealditikeuskarairun hashtagak erabiliz eta @irun_informa, @euskaraldia eta @euskaraldiairun kontuetan egin ahalko da jarraipena: aurreikusi diren proposamenen artean, mahai jokoekin gozatzea; euskarazko filmak ikustea; sare sozialetan Euskaraldiari buruzko marrazki, bideo eta bertsoak partekatzea…

Euskara Arloak idatzi bat bidali die 2018an belarriprest edo ahobizi gisa parte hartu zuten guztiei, ekimenaren berri emateko, eta irundar guztiak animatzen ditu nork ahal duen neurrian etxetik programan parte har dezan eta haren edukiak parteka ditzan.