Jendez gainezka egon diren jaiei buruzko balantze positiboa

Jaietan 93 jarduera izan dira guztira. Hilaren 6tik 11ra bitartean 125.382 ibilgailu etorri dira Hondarribiara

0
557
Puzzle lehiaketa

Hondarribiak amaitu ditu bere jai nagusiak. “Jaietan 93 jarduera izan dira, eta jende ugarik hartu du parte, bai antolaketa lanetan eta bai ekintzetan parte hartzen”. Hala baloratu ditu Kalixa Silanes Kultura zinegotziak. “Adin guztietako jendeak hartu du parte, umeek gurasoekin, gazteek, helduek, adinekoek… nire ustez pozik egon gaitezke jaien martxarekin, eta eskerrak eman behar dizkiegu laguntzen aritu diren guztiei, bai erakunde antolatzaileei, bai kolaboratzaileei, eta baita parte hartzaileei ere, nola ez”.

“Zorionez ez da eraso sexistarik izan, eta hori, gezurra dirudien arren, aipagarria da. Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuan aurretik lan ederra egin da, eta horri gehituta soziedade zibilak gero eta kontzientziazio handiagoa duela, aurrerapausoak ematen ari gara arazo horretan”.

Hilaren 6tik 11ra bitartean 125.382 ibilgailu etorri dira Hondarribiara, horietatik 17.253 Hondarribiakoak eta 108.129 beste herrietakoak.

“Aipatu nahiko nuke ere Udaltzaingoak gaztetxoen alkohol salmentan eta kontsumoaren inguruan lan egin duela, ikuskaketak eta inkautazioak eginez. Gure lana da eta hala jarraituko dugu”, dio Silanesek.

“Hobetzeko gaien artean, aipatu nahi nuke Arrantzale Auzoan, Bentan eta Alde Zaharrean jarri ditugun hiru pixatokiak saboteatu egin dituztela hilaren 6ean 8an eta 10ean. Nahita freskagarrietarako botila eta lata zanpatuak sartu dira, eta ondorioz itxi eta konpondu egin behar izan ziren; hartarako enpresa arduraduna Iruñeatik etorri da zenbait alditan, berriz ere martxan jartzeko”.

“Aurten eztabaida izan dugu ostalaritza establezimenduetarako ezarritako itxiera ordutegiarekin. Udalak iazko ordutegiei eutsi die, eta egun nagusietan itxiera ordutegia goizeko 5:00etan finkatu da. Ez dugu ahaztu behar udalak guztien eskubideak zaindu behar dituela, ostalari, erabiltzaile nahiz bizilagunena”.

“Eskerrak eman nahi nizkieke laguntzen aritu diren guztiei, bai Kultura Departamentuari, bai Udaltzaingoari, bai Txingudiko Zerbitzuei, bai Gurutze Gorriari, bai DYAri, bai Montai enpresari, eta bai laguntzen aritu diren guztieiere, lan handia egin baitute, eta gehienek gozatzen duten bitartean beste jende asko buru-belarri aritzen baita lanean; eskerrak eman behar dizkiegu”, amaitu du esanez Silanesek.