Denis Itxaso (e), Angel Pazos eta Goizane Alvarez. / Gipuzkoako Foru Aldundia

Angel Pazos, Luis Mariano elkarte lirikoaren zuzendari artistikoak, duela 25 urte egin zuen debuta tenore gisa, Irungo Amaia antzokian. Eta bere ibilbideko mende laurdena ospatzera, antzeztoki berberera dator. Elkarteak egin duen ekoizpen berriarekin egingo du, Jules Masseneten Werther operaren antzezpenarekin hain zuzen. Pazos berak izango du paper nagusiaren ardura.

1892. urtean idatzitako opera da, Johann Wolfgang Goetheren 1774ko eleberri batean oinarrituta; eta noble baten amodiozko zorigaitzak kontatzen ditu, protagonistak bere buruaz beste egiten duen arte, maite duen emakumea beste gizon batekin ezkondu ondoren.

Horrez gain, Luis Mariano elkarte lirikoak Cuneoko Musikaren Lagunen elkarte italiarraren laguntza izango du. Aldo Salvagno izango da orkestrako zuzendaria eta François Ithurbide izango da antzezpenaz arduratuko dena. Antzezlarien artean egongo dira, baita ere, María Ermolaeva, Nuria Garcia-Arres, Maurizio Leoni, Iker Casares eta Dario Maya.

Sarrerak salgai daude dagoeneko eta Kolon pasealekuko Turismo bulegoan edo irun.org helbidean eros daitezke. Prezioak honako hauek izango dira: publiko orokorrarentzat 32 euro, elkarteko kideentzat 25 euro, eta 30 urte baino gutxiago dituztenentzat 5 euro.