Iker Casanova. / Eusko Legebiltzarra

EH Bilduk Zaldunbordan makro-outlet bat eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko lan egiteko eskatu dio gaur Jaurlaritzari, Merkataritza sailburuari, hain zuzen, egitasmo hori hondamendia izango dela Hondarribiko eta, oro har, eskualde osoko merkatari txikientzat, ingurumena kaltetzeaz gain, Iker Casanovak ohartarazi duenez. “Borondate politikoa baino ez da behar, aski da lehendakariak Hondarribiko alkateari deitzea gehiegikeria hori gelditzeko”.

Casanovak gogora ekarri du Legebiltzarrean aho batez onartutako legearen arabera Zaldunbordakoa bezalako proiektuak ezinezkoak direla eta, beraz, horri eutsi diezaiola exijitu dio PSEko sailburuari, haren alderdiak eta gobernu osoak Hondarribiko EAJk sustatu duen makro-outlet hori bertan behera uzteko. “Ez dizuegu utziko albora begira jartzen neurriak hartzen ez badituzue, praktikan merkataritza txikiaren kontra kokatuko zarete”.