Harresilanda kalea. / Hondarribiko Udala

Dinamizatzaile talde batek Hondarribia bisitatuko du irailaren 5ean eta 8an. Bisitaren helburua herritarrak eta ostalaritza sektorea sentsibilizatzea da COVID-19ak eragindako pandemia eteteko hartu behar ditugun neurri higieniko-sanitarioak modu egokian betetzeko. Kanpainak Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta Euskadiko hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek urtero sinatutako elkarlanerako hitzarmena du abiapuntu, eta Gipuzkoan Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak gidatuko du.

Erdigunea bisitatuko dute, jende pilaketa gehien jasotzen duen udalerriko gunea: larunbatean, hilak 5, iluntzeko 22:00etatik 24:00etara; eta asteartean, hilak 8, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara. Denbora tarte horretan herritarrak, ostalariak eta hauen bezeroak informatzea izango dute xede, indarrean dagoen osasun araudia behar bezala betetzeko; batez ere, musukoaren erabileran -ostalaritza eremuko kontsumo garaian, eta baita eremutik kanpo ere-; distantzia soziala bermatzeko irizpideetan; eskuetako garbitasunean; edota talde-kopuruan, hamarreko muga ez gainditzeko, jarriko du fokua. Era berean, herritarren artean musukoak banatuko dituztela aurreratu dute.

Batez ere, gazteei zuzenduta

Kanpaina adin tarte guztietara zabaldu nahi bada ere, gazteengana iristeko ahalegin berezia egingo dela iragarri dute, momentu honetan COVID-19aren zabalkundea geldiarazteko kolektibo hori delako sentsibilizazio eta pedagogia lan gehien eskatzen duena.

Sentsibilizazio kanpainaren bitartez, hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek bere hondar alea jarri nahi dute pandemia indargabetzeko, eta bide batez, ostalaritza eremu segurua dela aldarrikatzeko. Konfinamenduak iraun duten bitartean, eta ondorengo deseskalatze fasean, Euskadiko ostalaritza sektoreko ordezkarien eta Eusko Jaurlaritzako arduradunen arteko hartu-emana etengabea eta emankorra izan da. Eskuartean daukagun kanpaina elkarlanaren adibide bat baino ez da, Euskadiko ostalaritza guneak zabaltzeko erabakia bezala -tokian tokiko berragertzeen ondorioz salbuespen eta neurri bereziak hartu behar izan badira ere-. Zentzu honetan, ostalaritza sektoretik instituzioetako ordezkariek pandemiaren aurka egiten ari diren lana azpimarratu nahi izan dute, eta egiten ari diren lana txalotu.

Gipuzkoan barrena

Kanpaina Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeak bisitatuko ditu, eta uztailaren 24tik irailaren 13ra bitartean Gipuzkoako 40 lokalizazio inguru bisitatuko ditu. Hondarribira iritsi aurretik Errenterian, Ordizian, Mutrikun, Azpeitian, Hernanin, Oiartzunen, Zarautzen, Lasarte-Orian, Elgoibarren, Irunen edo Deban izan da, eta herritarrek oso arrera ona egin diote.