Sagarzazu eta Larrarte. / Hondarribiko Udala

Gaurtik hasita eta datozen bi asteetan, Hondarribiko Udaleko Gobernu Taldeak bost prentsaurrekotan emango du Hondarribiko Udalaren 2021eko aurrekontuen berri. Txomin Sagarzazu alkateak eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzu, Lankidetza eta Berdintasun zinegotziak pertsona eta familientzako aurrekontuen berri eman dute, “COVID-19a dela eta gaizki pasatzen ari diren pertsona guztiak gogoan ditugula” esan ondoren.

“Aurten aurkezpenen ohiko formatua aldatuko dugu, eta ez da sailka egingo, orain arte bezala”, azpimarratu du Txomin Sagarzazu alkateak. “COVID-19k eta pandemiak bultzatuta, Udala eta bere eguneroko lana erabat aldatu dira, eta sailen arteko zeharkakotasuna horren sintoma argia da”.

“2021. urterako aurrekontua abenduaren 17an onartu zen. Gipuzkoako Aldizkari Ofizilaean argitaratu ostean, aurtengo partidak erabiltzen hasi dira jadanik. 24.646.860 euro dira guztira, iaz baino %9,88 gehiago. Badakigu diru-sarrerak jaitsi egingo direla, krisi-garaian gaude, baina ia %10eko igoera proposatzen dugu. Era berezian erantzun nahi diogu egoera berezi honi”.

“Gure proposamena hainbat gako estrategikotan egin dugu, hala nola gaur aurkezten dugun ‘Herritarrak ardatz’ leloarekin pertsonak eta familiak, Hondarribiko ekonomia suspertzea eragile ekonomikoekin batera, udalerria mugikortasun iraunkorrarekin, hirigintza eta garapen jasangarriarekin, herritarrak, kultura, hezkuntza, euskara eta kirol-jarduera eta Udala, administrazioa eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko helburuarekin”, gaineratu du Sagarzazuk.

Lehentasuna pertsona eta familientzat

“Gobernu Taldearentzat, helburu nagusia hondarribiar guztien ongizate soziala da, herritarrengandik gertu dauden zerbitzuak izanik eta laguntza behar duten herritarrei eskainiz. 2021eko aurrekontuan 3.274.300 euro aurreikusi ditugu horretarako, hau da, %13,28. Argi dugu kopurua handituko dugula beharrezkoa bada”, nabarmendu du Gotzone Larrartek.

Gaur egun bizi dugun pandemia-egoera etengabeko eraldaketen errealitatea da, eta gizarte-politikek errealitate aldakor horien erritmoari eutsi behar diote: malguak izan behar dute eta aldaketei erantzun behar diete.

“Horretarako, aurten, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa landuko dugu, eta, horretarako, gizarte-errealitatearen eta haren eraldaketen azterketa egingo dugu, bai eta gure politiken prozesuen eta emaitzen azterketa ere, ongizatea botere publikoek bermatu behar duten herritartasun-eskubidetzat hartuta”.

“Zerbitzuen karta ere landuko dugu, herritarren eskura dauden udal zerbitzuen berri zehatza emateko”, gaineratu du Larrartek. “Eta lanean ari gara, halaber, gizarte-zerbitzuen bulegoak herritarrentzat irisgarriagoa den leku batera lekualdatzeko etorkizunean”.

“Ekonomikoki Udalaren laguntza behar duten pertsonei eta familiei laguntzen jarraitzen dugu. Gogoratu behar da 2020an, Gizarte Larrialdietarako Laguntzekin, 340 hondarribiarri eta 171 familiari lagundu diegula, guztira 241.189 euro. Familientzako laguntzak 24 familiarentzat eta 33 onuradunentzat izan dira (26.205 euro), eta energia laguntzak 47 familientzat eta 77 onuradunentzat (29.959 euro)”.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, gaur egun, zerbitzua lizitatzen ari gara. Aurten, langileen lan-baldintzak nabarmen hobetu dira hitzarmen berriarekin; izan ere, prezio publikoa ezarri nahi da, eta, horrela, herritar guztientzako kostua merkatu. Horretarako 770.000 euroko aurrekontua dugu.

“Elkarteekin eta GKEekin lan egiten jarraituko dugu, bai ekonomikoki laguntzen, bai haiekin lan egiten eta euren proiektuak zabaltzen. 2021Ean 257.086 euro bideratuko ditugu, 2021eko eta 2020ko zenbatekoak jasoz”, gaineratu du Larrartek.

“Berdintasun Plana eta 2021erako plangintza eta ezarpena egokitzeko lanean ari gara. EMEKI Elkartearekin lanean jarraituko dugu, orain arte bezala”.

Zubia zentroari, Irunekin partekatutako baliabideari, 150.000 euro bideratuko dizkiogu, eta kredituen aldaketan kopurua gehituko dugu iazkoa nola joan zen ikusita”.