Guztira sei mozio jorratu ziren. / Hondarribiko Udala

Ekaineko ohiko osoko bilkurak hainbat erabaki hartu zituen. Horien artean, Psilocybe Elkarteari eta Gurutze Gorriari dirulaguntza bana ematea. Hortaz gain, EH Bilduk eta Abotsanitzek aurkeztutako zenbait mozio jorratu ziren. Bilkuraren hasieran, bezperan zendutako Joxe Mari Alkain Kanpandegi udal langilearen omenez minutu bateko isilune hunkigarria gorde zen.

Eguneko aztergaiaren bigarren puntuan, Psilocybe Elkarteari 50.000 euroko dirulaguntza ematea onartu zen, aurten 25 urte betetzen dituela eta antolatu diren ekitaldietan laguntzeko. Hortaz gain, Gurutze Gorriari bere eraikinean egindako hobekuntza lanetan laguntzeko ia 35.000 euroko laguntza onartu zen. Bi gaiak ahobetez onartu ziren.

EAJ, PSE-EE eta PP-ren aldeko botuekin aurrera atera zen Hondarribiko eta eskualdeko kirol elkarteek Hondartza Kiroldegia eta Jostaldi pilotalekua erabiltzeagatik gastua ordaintzeko dirulaguntza izendunak onartzeko proposamena. Abotsanitz eta EH Bildu bilkuratik atera ziren eta ez zuten bozketan parte hartu, “ziurtasun legalik ez duelako. Txosten juridikoa falta da, eta iaz egin genuen moduan, aurten ere ez dugu bozkatuko”.

EH Bilduren abstentzioarekin aurrera atera zen Gipuzkoako etxez etxeko laguntza zerbitzuari buruzko Foru Aldundia eta Udalaren arteko hitzarmena onartzeko. EAJren aldeko botu, PSE-EE eta PP-ren abstentzio, eta Abotsanitz zein EH Bilduren aurkako botoekin, Montañeneako hitzarmen urbanistikoa aurrera atera zen era berean.

Sei mozio

Zortzigarren puntutik aurrera sei mozio bozkatu ziren. Abotsanitzek aurkeztutako lehenean, Pedro Muguruza Otañori Hiriko Semearen izendapena kentzea onartu zuten denek, ez horrela Sabino Arana kaleko albo batean dagoen plaka kentzea.

Denek ahobetez onartu zuten EH Bilduk aurkeztutako beste mozio bat, AP 8 autobidean ibiltzeagatik ordaintzeari buruz, Bidasoa bailarako bizilagunek diskriminazio ekonomikoa jasaten dutelakoan. Hortaz gain, EAJren aurkako botoekin eta Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP-ren aldekoekin, Abotsanitzek aurkeztutako mozio bat atzera bota zen. Bertan, Arma Plaza Fundazioari egoera argitzen ez den bitartean inolako ekarpenik ez egitea” eskatzen zen, baita “Fundazioaren zein aholkularitza taldearen inguruko hausnarketa sakon bat egitea ere”.

EAJ, Abotsanitz eta EH Bilduren aldeko botuak, PSE-EEren abstebtzioa eta PP-ren aurkako botoek onartu egin zuten EH Bilduk aurkeztutako beste mozio bat, Iratxe Sorzabal Diazen aurkako euroaginduaren inguruan. Jarraian, PP-ren aurkako botuekin eta gainontzekoen aldekoekin, ETAko presoak Euskal Herrira hurbiltzeko beste mozio bat onartu zen, kasu honetan Urko Labeagan zentratuta, Asturiasko Villabonako kartzelan dagoena.

Azkenik, denek batera onartutako beste mozio batean, Nafarroako Auzitegiak ‘La Manada’ bezala ezagutzen diren bost pertsonen aurkako sententziarekin bere desadostasuna agertu zuten, eta biktimari babesa, maitasuna eta elkartasuna adierazi zioten.