Sagarzazu eta Serrano. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko Udaleko Gobernu Taldeak aurtengo aurrekontuen aurkezpenen bigarren urratsa eman du gaur. Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano Sustapen Ekonomikorako zinegotziak egin dute agerraldia gaur Areto Nagusian. Bertan, bertako ekonomia sustatzeko Udalak abian dituen eta hartuko dituen erabakien berri eman dute.

“Hiriaren sustapen ekonomikoa Udal Gobernu Taldearentzat ezinbesteko ardatza da. Ia 1,4 milioiko aurrekontua prestatu dugu promozio ekonomikoari begira” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak. “Ekonomia eta hiri bizitzaren arteko lotura oso garrantzitsua da. Jarduera ekonomikoarekin zerikusia duten zerbitzuak oso garrantzitsuak dira, eta Udal Gobernu Taldetik argi daukagu eragile ekonomiko hauekin eskutik joan behar dugula”.

“Azken urteotan saiatu egin gara eragile ekonomikoekin lotura mantentzen, baina pandemia garaian hori areagotu egin da. Erlazioa indartu dugu, eta aurten promozio ekonomiko aldetik egingo duguna beraiekin batera egingo dugu, egoera kezkagarria dela lehen eskutik ikusten dute eta”.

Bonoak eta autonomoentzako dirulaguntzak

“1,4 milioiko aurrekontua dugu bertako ekonomia sustatzeko” esan du Maria Serrano zinegotziak. Adibidez, Hondarribiko Azoka indartzen jarraituko dugu 62.000 euroko aurrekontuarekin. Bestalde, turismo aldetik, pandemiak ekarritako egoera nolakoa den badakigu, eta horregatik Udaletik prest egongo gara Alarma Egoera altxa edo aldatzen denean sustapenarekin hasteko, komunikazio kanpaina eta promozio desberdinekin, horretarako 274.000 euro bideratuko ditugularik”.

“Bertako saltokietan erosteko bono kanpainaren bigarren urratsa emango dugu, eta horretarako 200.000 euro bideratuko dira. Otsailak 28 arte irekita dago lehen kanpainako epea, eta oso emaitza onak izaten ari denez, bigarren pausu bat emango dugu ere. Bidasoa Bizirik garapen agentziarekin lankidetzan gaude bertako enpresei egiten duen lankidetzarekin, 382.000 eurorekin”, gehitu du Serranok.

“Autonomo eta enpresa txikiei aurten ireki diren ‘ITXEKI Hondarribia’ dirulaguntzen bigarren urratsa emango dugu. Horretarako beste 273.000 euro bideratuko ditu Hondarribiko Udalak. Hortaz gain, ekonomiaren sustapena laguntzeko antolatu daitezken ekintzetarako Udalak beste 200.000 euro dauzka, eta lehen esan bezala, prest gaude Alarma Egoera eta mugikortasun eza desagertzen denean partida hauek erabili ahal izateko”.

“Zentzu horretan, hurrengo Plenoan asmoa dugu okupazio publikoagatik kobratzen dugun tasan hobaria egitea, iaz egin genuen moduan”, amaitu du Sagarzazu alkateak.