Kultura zinegotzia den Juncal Eizaguirre. / Irungo Udala

Abuztu honetan hasiko da Adour-Bidasoa Pintura Sariketarako lanak aurkezteko epea. Hain zuzen ere, abuztuaren 31n izan ezik, jaieguna da-eta, abuztuaren 25etik irailaren 1era bitartean aurkeztu ahalko dira lanak, bi egun horiek barne, Amaia Kultur Zentroan, Lopez Becerra kaletik sartuta: asteartetik larunbatera bitartean, 18:00etatik 21:00etara bitartean, eta, igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era bitartean.

Epaimahaiak sari hauek banatuko ditu aurkezten diren lan guztien artean: lehen saria, 2.500 eurokoa; 30 urtetik beherako artista gazte baten lan onenarentzako saria, 500 eurokoa; epaimahaiaren sari berezia, 500 eurokoa; eta, azkenik, finalistentzako diplomak.

Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek gogorarazi duenez, “hirian dugun pintura sariketa garrantzitsu eta prestigiotsuena da hau, oso erakargarria betiere artea maite dutenentzat eta baita herritar guztientzat uda amaierako kultur agendaren barruan”.

Nahi duten artista eta pinturazale guztiek parte hartu ahalko dute sariketan, 18 urte baino gehiago badituzte betiere. Deialdiaren oinarrien arabera, lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du. Lan horrek originala izan beharko du, beste lehiaketa batean saritu gabea, gai eta teknika librekoa, eta 80 eta 150 zentimetro bitartekoa alde bakoitzean, eta sinadurarik gabe aurkeztu beharko da, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia dakartzan gutun azal itxi batekin batera. Margolan irabazlea Irungo Udalaren pintura ondareko bilduman sartuko da, izen handiko artisten zerrenda luze baten barruan (Dario Regoyos, Bienabe Artia, Menchu Gal…).

Irabazleen izenak irailaren 18an jakinaraziko dira, lan hautatuen erakusketa inauguratzearekin batera. Lehiaketaren oinarriei buruz informazio gehiago nahi dutenek herritarrentzako arreta telefonora dei dezakete, 010 edo 943 50 51 52 zenbakira, baita Kultura Arlora, 943 50 54 07 telefonora, edo udal webgunean sartu, www.irun.org helbidean.

Artea 18 cm-tan

Kultura Arloak Amaia KZko uda honetarako beste proposamen bat ekarri du gogora: “18 cm” sariketa, zeina abuztuaren 21etik irailaren 6ra bitartean izango den erakusketa galerian bertan. “18 cm” gunea 2018an sortu zen, artearen munduan agertoki berriak urratzeko eta nolanahiko sortzaileek (artezaleek, hasiberriek, amateurrek zein aritutakoek) egindako obrak erakusteko gune berriak sortzeko, eta Ana Zubikoa eta Ricardo Catalán dira ekoizleak. Erakusketa hau, ordea, berdingabea da, parte hartzeko jarraibideak direla-eta, benetako erronka baita artistentzat.

“18 cm” erakusketan parte hartzeko baldintza nagusia da lan guztiek neurri batzuen barruan egon eta gai jakin bati buruzkoak izan behar dutela. Erakusketaren nortasuna funtsezko bi euskarri horietan oinarritzen da, eta, beraz, lanak 18 cm izan daitezke gehienez ere alde bakoitzean. Gainera, edizio honetan, 1920ko hamarkada zoriontsuaren inguruko gai artistikoetan inspiratuta egon behar dute, CBArekin koordinatuta, 2020. urte osoan bere programazioa XX. mendeko esamolde horri eskaintzen ari baitzaio kulturgunea; alegia, duela 100 urte hasi zen oparotasun ekonomikoko garaiari.

Uztailaren 15etik 30era bitartean aurkeztu beharko dira lanak, Amaia Kultur Zentroan bertan, Lopez Becerra kaletik sartuta: asteartetik larunbatera bitartean, 18:00etatik 21:00etara bitartean, eta, igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era bitartean. Obrekin batera, izena emateko orria aurkeztu beharko da, behar bezala beteta, eta, gainera, izena emateko orriari, aukeran, aurkezten duen obrari buruzko azalpen labur bat erantsi ahalko dio parte hartzaile bakoitzak. 2018ko abuztuaren 21erako 18 urte betetzen dituztenek parte hartu ahalko dute.

Aurkeztutako obra guztien artean, hautaketa egingo du antolakuntza batzordeak, jasotako lanen kopurua, kalitatea eta aniztasuna eta erabilgarri duen tokia kontuan hartuta, eta hautaketa horrek osatuko du abuztuaren 21etik irailaren 6ra bitartean Amaia Kultur Zentroan bertan jarriko den erakusketa. Informazio gehiago nahi dutenek Herritarrentzako Arreta Zerbitzura jo dezakete, edo Kultura eta Kirol Arlora, cultura@irun.org helbide elektronikora idatzita edo 943 50 54 07 telefono zenbakira deituta.