Sagarzazu eta Altuna. / Hondarribiko Udala

Datorren 2021 urterako Hondarribiko Udaleko Gobernu Taldeak 24.646.860 euroko aurrekontua proposatuko du abenduaren 17an burutuko den Ezohiko Osoko Bilkuran, aurretik abenduaren 10ean egingo den Ogasun Batzordean jorratu ondoren. Hala eman dute aditzera gaur Txomin Sagarzazu Alkateak eta Juan Mari Altuna Ogasun Zinegotziak Udaletxeko Areto Nagusian egindako prentsaurrekoan, ‘Hondarribia ardatz’ aurkeztuz.

“2020 eta 2021an gastu araua ez dela aplikatuko esan zaigu azaroaren 12an Aldundiko dekretu baten bidez, eta hori garrantzitsua da. Foru Aldundiak Hondarribiko Udalari esan dio bere proposamenean, zorpetzeari begira, 1,8 milioi eurotan egin dezakela, eta orain arte hori ez zen horrela” esan du Txomin Sagarzazuk.

“Datorren urterako diru sarrera gutxiago izango ditugu, ziuraski iaz baino milioi bat euro gutxiago, eta horregatik zorrotz aritu gara diru sarreretan begiratzen. Egoera berezia daukagu, eta era berezian erantzungo dugu. Halere, oraindik ezinezkoa zaigu altxortegi gerakinean daukagun dirua haserako aurrekontuan jarri. Horrelakorik esaten duenak ez du egirik esaten”.

“Gobernu Taldearen proposamena azaroaren 20an helarazi genien oposizioko taldeei. Orain zatikako zuzenketak jasotzen hasi gara, eta datorren osteguneko Ogasun Batzordean landuko da. Handik aterako den diktamena eramango da abenduaren 17ko Plenora.

Iazko aurrekontua baino %10 gehiago

Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak eman ditu aurrekontuen sarrera eta gastuen inguruko xehetasun gehiago. Azaldu duenez, “aurrekontua 24.646.860 eurokoa izatea proposatuko dugu, iaz baino %10 gehiago. Gastu soziala ia 8 milioi eurokoa da, %32,4, eta hor sartzen ditugu adibidez Gizarte Zerbitzuak, Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Prebentzio Komunitarioa adibidez.

Pertsona eta familiei ere atal berezia gorde diegu. COVID-19aren ondorioz sortutako kalteak lehentasuna izango dira guretzat. Larrialdiko laguntzetarako 385.000, familietarako 150.000, energia gastuetarako 50.000, Etxez Etxe Zerbitzurako 850.000… Informazio guztia www.hondarribikoaurrekontuak2021.eus gunean topa daiteke. Hor ikusiko da adibidez ekonomia suspertzeko ekimenetan 1,5 milioi euro jarri nahi direla, bono kanpaina, Itxeki kanpaina edota ekintzaileentzako dirulaguntzetan adibidez. Pertsonak eta familiak, eta suspertze ekonomikoa gure ardatz oso garrantzitsuak izango dira. Hiri Segurtasunerako beste 3,3 milioi bideratuko dira”.

“Dirulaguntzetan beste 4,4 milioi ditugu, horietatik laurden bat kale garbiketarako delarik. Elkarteei ematen dizkiegun laguntzak mantendu eta orokorrean igo egin ditugu. Jakitun gara oso egoera arraroa bizitzen ari direla” gehitu du Altunak. Hirigintza, Ingurumena, Obrak eta Zerbitzuak ere beste atal garrantzitsua dugu, 6 milioiko aurrekontuarekin.

“Sarrerei dagokienez, Foru Aldunditik datorkigun FOFIN foru funtsa, esan bezala jaitsi egingo da, eta gure aurrekontu osoaren %55 inguru izan ohi da. Urte zaila izango da eta Udala prest dago aurrera egiteko”, esan du Altunak.

Inbertsioetarako orain ia bi milioi euro jarriko ditugu, eta aurrekontuaren likidazioa egindakoan, martxoa edo apirilaren bueltan, Udalak beste 7 milioi euro inbertitzeko asmoa du”.

“Herritarren partaidetza sustatzeko, gure asmoa aurrekontuaren likidazioa egiten denea, datorren urteko lehen hiruhilekoan, proposamen bat egitea da, handik onartzen dena, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, kreditu aldaketara eramateko”, amaitu du Sagarzau alkateak.