Abotsanitz udal taldeak Segurtasun eta Osasun Batzordea eskatu du. / Abotsanitz

2017ko otsailaren 23an Hondarribiko Udalean izandako udalbatzan Abotsanitz udal taldeak lan esparruan Segurtasun eta Osasun Batzordearen inguruko galdera luzatu zuen erregu eta galdera atalean. Alkate jauna eta udal idazkariaren aldetik erantzun zehatzik jaso ez eta Abotsanitzeko zinegotzi Juan Ortizek adierazi zuen legez nahitaezkoa den Segurtasun eta Osasun Batzorderik ez dagoela osatua Hondarribiko Udalean.

Lan-Arriskuen Prebentziari Buruzko 31/1995 Legeak, V. kapituluan, langileak kontsultatzea eta langileen partaidetzari buruz jarduten da.

Lan eremuan arriskuen prebentzioak langileen osasuna babestea, mantentzea eta sustatzea helburu izan behar du. Horretarako, istripuak jasateko eta epe labur, ertain eta luzean gaixotasunak agertzeko arrisku guztiak saihestu behar dira, ahal den neurrian. Osasun-desbideratzeak zorrotz zaintzea eta laneko arriskuen prebentzioaren kultura sustatzea ere lanketa honen ardatz gisa jasotzen ditugu.

Guzti hau kontutan izanik, lanean segurtasun eta osasunaren zaintzaren prebentzioaren kultura sustatzeak duen garrantziaz ohartuta, Administrazio Publikoak, eta kasu honetan Hondarribiko Udalak, eredugarri izan behar duela pentsatzen dute Abotsanitz udal taldetik. Honegatik Hondarribiko Udalean lehen bait lehen Segurtasun eta Osasun Batzordea osa dadila eskatzen du.

Honez gain, aditzera eman nahi du prest legokela Abotsanitzeko zinegotziren bat batzorde honetako buru jarduteko, betiere udalaren jardunean laguntzea ekarriko balu.