Maria Angeles Tellechea Aizpiolearen balkoia. /Arraunak Gora

Maria Angeles Tellecheak irabazi du Arraunak Gora I. Balkoi Lehiaketa. Epaimahaiak bere balkoia aukeratu du, klubeko hainbat xehetasun dituena (kamiseta berdeak, zapiak, argazkiak eta maskara), eta bazkaria edo afaria izango du Hondarribiko Arroka Berri Jatetxean. Balkoiaren originaltasuna eta argazkiaren kalitatea baloratu da.

Lehiaketa uztailaren 6an martxan jarri zen eta hilaren 31ra arte 34 balkoi aurkeztu ziren: 25 Hondarribikoak, zazpi Irungoak, bat Lezokoa eta beste bat Bilbokoa. Epaimahaia Koldo Diazek (Hondarribia Arraun Elkarteko lehendakariordea), Gorka Cepedak eta Jesus Ancisarrek (Arroka Berri Jatetxea), Matias Guillok (argazkilari profesionala) eta Ekaitz Retamosak (Arraunak Gora) osatu dute.

Gainera, parte-hartzaile guztien artean bi zozketa egin dira: 50 euroko txartel bat Endanea Gardenen kontsumitzeko (Aritz González Amundarain izan da saritua), eta 50 euroko beste bat Hondarribiko Arraun Elkartearen dendan, Zuloaga kalean dagoena, erosketak egiteko (Imanol Ansa Herrerari egokitu zaio).

Epaimahaia. / Arraunak Gora

Parte-hartzaileek balkoiko argazkia Twitterrera, Facebookera edo Instagramera igo behar izan dute #BalkoiakBerdez hashtagarekin eta Arraunak Gora eta Arroka Berri sare sozialen batean jarraitu behar izan dute. Gainera, png edo jpg formatuan, arraunakgora@gmail.com posta elektronikora apaindutako balkoiaren argazkia bidali izan behar dute, edo mezu pribatu bidez, Arraunak Gorako (@ArraunakGora) Twitter, Facebook edota Instagram kontura.

Helburua, originaltasunetik eta aurten inoiz baino gehiago, balkoiei bizia ematea izan da. Uda honetan, zaleek ezin dute aurreko urteetan bezala estropadez eta harrerez gozatu, eta munduko edozein txokotako balkoiek hartzen dute protagonismoa. Horrela, Arraunak Gora bat egin du Hondarribia Arraun Elkarteko kanpainarekin, hau da, fatxadak banderekin, puxikekin, zapiekin eta abarrekin apaintzeko kanpainarekin.