Kiroletako ordezkaria den Borja Olazabal, Artaleku kiroldegian. / Irungo Udala

Irungo Udalak (zehazki, Euskarako eta Kiroletako arloek) Eskola Kirola programaren beste edizio bat jarri du abian, hiriko ikastetxeekin elkarlanean, ikasleei hainbat kirol modalitatetan euskararen eskutik aritzeko aukera emateko.

“Eskolara itzultzen ari garen honetan, eskola kirola puntual iritsi da urtero duen hitzordura. Ekimen honen bidez, haurrak eskolan kirolean aritzea eta kirola euskararen zabalkundearekin lotzea bultzatu nahi du Udalak, kirol bakoitza haurren adinera eta ezaugarrietara egokituta betiere, haurrek etorkizunean kirolean aritzeko ohitura har dezaten”, azaldu du Kiroletako ordezkaria den Borja Olazabalek.

Ia 700 haur

Programak harrera ona du ikasleen artean. Joan den ikasturtean, adibidez, 680 neska-mutilek parte hartu zuten, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako hamalau taldetan eta Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako 44 taldetan banatuta.

Euskarako ordezkaria den Monica Martinezek, berriz, balioetsi du “zer-nolako lana egiten duten elkarrekin bi departamentuek euskararen aldeko helburuak ugaritzeko. Familia guztiek ezagutzen dute proiektua, eta, gainera, balioak sustatzen ditu, hala nola ikaskideen arteko elkarbizitza eta talde lana, ikasgeletatik kanpo euskara erabiltzea bultzatuta betiere”. Bereziki, neskak aipatu ditu Mónica Martínezek, eta beren parte hartzea mutilenarekin berdintzera animatu ditu, mutil gehiagok parte hartu ohi baitute programan.

Izen ematea eta berritasunak

Ohikoa denez, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleentzat da ekimena, eta, bigarren urtez jarraian, baita 1. eta 2. mailetako haurrentzat ere. 1. eta 2. mailetako haurrentzako programak haurrak kirolean hasteari begiratzen dio batez ere, eta astean saio bat eskaintzen du; gainontzeko mailetako ikasleentzako programak, berriz, bi saio astean. Joan den urteko balorazioa oso ona izan zen, eta parte hartzea egonkortzea da aurtengo erronka.

3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek ordaindu beharreko prezio publikoa 123,45 eurokoa da, baina diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzat bada kuota hobaridun bat, 31,25 eurokoa. Biek ala biek ordainketa bi zatitan banatzeko aukera dute: lehenengoa urrian egin dezakete, eta bigarrena, urtarrilean. Lehen Hezkuntzako ikasleak kirolean hasteko kuota, berriz, desberdina da: 40 eurokoa orokorra, eta 10 eurokoa hobariduna.

Programan izena emateko, dagokion fitxa bete behar da (parte hartzaileak ikasten duen ikastetxean bertan eskuratu daiteke); Internet bidez inskribatu, www.irun.org/sac helbidean, Irun Txartela erabiliz; edo autozerbitzuko terminaletara jo, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoan edo Azken Portu kiroldegian.

Berritasunei dagokienez, aipatzekoa da ordainketa helbideratu egingo dela; alegia, familiek inskripzioa formalizatzen dutenean adierazten duten kontu korrontera igorriko da, eta izena emateko ez da inongo ordainketarik egin beharko, joan den urtean ez bezala.

Programa urriaren 1eko astean hasiko da, entrenamenduekin, eta 2020ko maiatzaren 31koan amaituko da. Taldeen eraketa irailaren 30etik aurrera kontsultatu ahalko da, ikastetxeetan eta are www.irun.org orrialdean ere. Informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek beren haurren ikastetxera jo dezakete, edo 010/943 50 51 52 telefono zenbakira deitu.