David Baron eta Gurutz Aginagalde. / CD Bidasoa

Bidasoak webgune berria aurkeztu du, La Plaza Comunicacion-ek azken hilabeteetan egindako lanaren ostean. “Duela 20 bat urte Bidasoa izan zen ASOBALen aitzindarietakoa web orri bat martxan jartzen, eta gaur dauzkagun erronka digitalekin, bai edo bai eman beharreko pausoa zela ikusi dugu”, azaldu du klubeko presidenteak, Gurutz Aginagaldek, “zaleengan pentsatuta” dagoen eta euskaraz ere osorik irakurtzeko aukera izango den orrialdeari buruz.

Jarraitzailea da webgune honen helburu nagusia. Lehenik eta behin, lehen taldearen eta harrobiko kirol gaurkotasunari buruz erraz jakin dezan, eta baita online dendara azkar sartzeko aukera izan dezan ere. Etorkizunari begira, zaleak Artalekura normaltasunez itzultzen direnerako, webgune berriak gaur Berrlyren bidez kudeatzen den Bazkide Gune antzekoa garatzeko aukera emango du.

Webguneak zortzi atal ditu eta horietako batzuk klubaren inguruko informazio finkoa ematen dute. Prozesu honetan informazio hori eguneratu da, bai lehen taldeari dagokionez (adibidez, jokalarien sare sozialetara sartzeko aukera dago klubeko webgunetik), bai zaleei eta lagun-taldeei dagokienez, edo babesleei dagokienez. Honetaz aparte, klubeko departamentuekin errazago komunikatzeko behar den informazioa jaso da webgunean.

La Plaza Comunicacion kidea den David Baronek azaldu duenez, “hasieratik argi genuen zaleentzat diseinatutako webgunea izan behar zela. Hori dela eta, kirol informazio garrantzitsuena azalaren goialdean biltzen da: azken neurketako emaitza, hurrengoa zein izango den eta sailkapena nola dagoen. Honen ondoan, albisteak nabarmentzen dira. Horrela, begirada bizkor batean klubaren berri guztiak aurki ditzakezu, baita online dendara sartzeko aukera ere, eta horrek ere protagonismo handia du”.

Baronek gaineratu duenez, “oso orri bisuala egin nahi izan dugu, webeko atal askotan irudiei protagonismoa emanez, eduki desberdinetara sartzeko nabigazioa erraztuz eta edozein gailutara egokituta, telefono mugikorra izan, ordenagailua edo tableta”.

La Plaza

La Plaza sareko komunikazioan espezializatutako Irungo enpresa da, web orriak sortzeko eta garatzeko zerbitzuak, korporazio diseinua eta sare sozialen kudeaketa eskaintzen dituena. Bere bezeroen artean Bidasoa eskualdeko enpresa industrialak badaude ere, zortzi urteko ibilbidean erakunde, kirol eta zerbitzu sektoreko proiektuak ere kudeatu izan dituzte.