Miren Echeveste Euskarako ordezkariak 2022ko Solas Jolas programan izena emateko prozesuaren datu esanguratsuenak azaldu ditu astelehen honetan.
Datuak eman aurretik, ordezkariak gogora ekarri du plazak esleitzeko sistema aldatu dela. Aurtengo edizioan lehen aldiz, plaza bera zozkatu beharrean, eskainitako plazetan izena emateko orduak zozkatu dira.
Guztira, 677 eskatzailek egin zuten behin-behineko izen-ematea, 862 haurrentzat. Horrela, eskainitako 52 taldeak osatu dira 670 haurrekin. Ondorioz, Euskara arloak izena emateko epea ixtea erabaki du. “Lehengo esleipen-sistemak eragozpen batzuk zeuzkan, eta horregatik aldatu genuen, plaza ez, baizik eta izena emateko ordua esleitzeko sistema ezarrita. Behin betiko izen-emateak ikusita, emaitza positiboa izan da. Izena emateko lehen aldian ia plaza guztiak esleitu ziren eta, kontratuaren eta pleguen aukerak aztertuta, lehen hezkuntzako taldeak 12 plazatik 14ra handitzea erabaki genuen, eta denak bete dira. Hortaz oso pozik gaude”.
Berriki, plaza lortu duten eskatzaile guztiei programari buruzko informazioa emateko bilerara gonbidatzeko komunikazio bat igorri zaie. Bilera ekainaren 21ean egingo da, 18:00etan, Palmera Monteroko 2. aretoan, eta ordezkariak bertara joateko deia luzatu die familia guztiei. Joaterik ez daukatenentzat, Udalaren webgunean jarriko da informazio guztia. Hurrengo urratsa programa bera abian jartzea izango da, bi txandatan: uztailaren 5etik 29ra eta abuztuaren 2tik 31ra. Orain, udako programa hori antolatzeaz arduratzen den lantaldean buru-belarri ari dira etxeko txikiei udan euskaraz gozatzeko jarduerak antolatzen.